Auzolan ederra egin du Zangozak; Atarrabiarena da orain Oinez-en erronka
Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez urtearen balorazio positiboa egin zuen atzo. Auzolana azpimarratu zuen, eta eskerrak eman zizkien boluntario guztiei. Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolak du orain 2025eko Oinez prestatzeko ardura. “Buruz, bihotzez, oinez!” leloa aurkeztu zuen, baita irudia ere: buru deseraiki bat, non begi bat, sudur bat eta aho bat antzematen diren, bihotz bat erdian duela.
Balorazio prentsaurrekoan, Nagore Oria Telletxea Zangozako Ikastolako zuzendari pedagogikoak komunitatea, Nafarroako beste 14 ikastolak eta babesleak eskertu zituen. Auzolana suspertzea izan da aurtengo Oinezaren helburuetako bat, eta ederki bete dute: 121 familiak osatzen dute komunitatea, eta 100 pertsonatik gora ibili dira antolaketa lanetan. Oinez egunean bertan, 700 boluntariok lan egin zuten.
Carlos Arcelus lehendakariak Zangozako Ikastolak Zangozaldean euskara sustatzeko lanean jarraituko duela agindu zuen: «Euskararen, dibertsitatearen, auzolanaren eta etorkizun handiko proiektu kooperatibo eta bizi baten alde».
«Desio onenekin» eta babesarekin eman zioten lekukoa Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolari. Aintzane Apezetxeak, bertako ama eta komunikazio batzordeko kideak, eta Iñaki Erroz zuzendariak 2025eko jaiaren helburuak zehaztu zituzten: «Ikastola izatea, hezkuntza eredu propioa; herri izatea, gizarte ekimen irekiko proiektua; euskara izatea, gure kultura biziz; hezkuntza izatea, irakaskuntza prozesua bermatuz; gizarte izatea, inguruko proiektuetan inbertituz; eta jasangarria izatea». Xede horiekin bat egiteko deia egin zuten.