Beñat SARASOLA
Gure Esku-ren zuzendaritzako kidea
KOLABORAZIOA

Aldarrikatzen duen bisera

Hilaren 10ean Behobia-Donostia egingo da, nazioartean oihartzun handienetakoa duen lasterketa herrikoi bat, Euskal Herrian kirola bizitzeko modu parte-hartzaile, festazale eta herrikoia daukagula munduari erakusteko aukera paregabea.

Euskal Herria munduaren aurrean aurkezteko modu oso berezia duen herria da, baita kirol esparruan ere. Kirolarien esfortzua aitortuz, kirol probak alaiki ospatuz eta, aldi berean, munduari erakutsiz gure etorkizuna libreki erabaki nahi duen zazpi lurraldez osaturiko herria garela. Hori da, hain zuzen, gure ikurrinak adierazten duena: erabakitzeko eskubidea, inoren menpe egon behar ez lukeena. Herri libre bat.

Lasterketatik sei egunera, azaroaren 16an, Bagara! ikus-entzunezko maratoia egingo dugu. Hamabi orduz, Euskal Herria irudikatuko dugu, bideo kate erraldoi baten bidez. Herri, eragile, pertsona, proiektu eta bestelako taldeen errealitateak erakutsiko ditugu. Erabakitzeko eskubidearen eta herri identitatearen aldeko bideoen bidez, emisio erraldoi bat osatuko dugu, maratoi bat izango balitz bezala.

Maratoi erdi bat eta maratoi bat, bi egiteko modu ezberdin. Baina, ideia beraren bueltan, denboran zehar mantentzen den ahaleginaren garrantzia. Entrenamendua, egunerokoan lan egiteko gaitasuna eta auzolana, bere etorkizuna libreki erabaki nahi duen Euskal Herri korrikalariaren espresioa ere bai baita.

Kirola euskal herritarrontzat Euskal Herriko lurraldeak batzeko eta elkarlanean aritzeko modu berezia da. Hori dela eta, gure koloreekin lehiatu ahal izatea euskal herritarrongan oso zabalduta dagoen sentimendua da, edozein motatako kirol ekitalditan zein lehiaketa ospetsuetan, banaka izan zein taldeka. Baina, zoritxarrez, hutsune nabarmen bat daukagu: euskal selekzio ofizialen eza. Edozein kirolen nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea daukagu, gainerako nazioek bezala. Horregatik, euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzeko aldarrikapenak gero eta babes zabalagoa du. Finean, nazioarteko aitortzaren beharra dugu.

Hain zuzen ere, herri libre batean kirolariek aukera izan behar dute zein selekziorekin lehiatu nahi duten askatasunez erabaki ahal izateko, eta gaur egun eskubide hori ukatzen ari zaie. Arazo hau Bagara! ikus-entzunezko maratoian ikusaraztea gure asmoetako bat bilakatu da.

Herri Libre Bat kanpaina diseinatzen hasi ginenean, pertsona ezberdinekin kezka hori partekatu genuen; alegia, nola irudikatu gure koloreen presentzia zein selekzio nazional baten aldarrikapena ikus-entzunezko maratoi batean? Erantzuna begi bistakoa zen, Behobia-Donostian ekimen bat egin behar genuen. Hori dela eta, Gure Eskuko kideok Behobian izango gara. Horretarako, korrikarako milaka txapel banatuko ditugu, ikurrina zein euskal selekzioaren aldarrikapena herri libre batean elkarri lotzen diren biserak.

Behobia-Donostiako azken kilometroan, Sagues inguruan, ikurrin petoak soinean, Gure Eskuko boluntario talde bat egongo da biserak banatzen. Korrikalariei dei egiten diegu boluntarioengana hurbidu, txapela hartu eta helmugako azken metroak gure koloredun biserarekin egin ditzatela.

Azkenik, Behobia-Donostian parte hartuko duten munduko nazionalitate ezberdinetako korrikalariei ongietorria eman nahi diegu. Gure herriaz zein lasterketaz gozatzea opa diegu, eta, nahi izanez gero, bisera hartzeko gonbita ere luzatzen diegu. Izan ere, elkar ulertze eta errespetutik, inongo inposiziorik gabe gure koloreak zeintzuk diren erabaki ahal izango dugu.