Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Biharamuna

Ezin dut sinestu berriro gertatu denik”. Lagunak gizarte sareetan eginiko sarrera irakurri eta guk biok hainbat aldiz eztabaidatutakoarekin bat ez datorrela ohartu naiz. Sinclair Lewisen “It Can’t Happen Here” (1935) nobela distopikoaren argumentua hizpide hartuta, gertatu dela bakarrik ez, gertatzen ari dela aipatzen genuen. Iritzi berekoak ginen horretan. Solasaldi pribatuak ziren haiek, ordea; bitartekorik ez zen han. Bestelakoak dira gauzak gizarte sareetan; batez ere, lagunaren kasuan bezala, hiritartasuna ez duen emakume beltza bazara. Ondo neurtu behar dira hitzak bere alde nahi bai, baina bere partetzat ez zaituen “gu” hori mindu ez dadin; egun “handiaren” biharamunean, batik bat. Biharamunak ez baitira gutxiestekoak, denetariko erreakzioak eragin ohi dituztelako. Batzuek, autokritikarako dohaina duten gutxi horiek, damua agertuko dute gaizki eman edo ez emandako pausoengatik. Besteek norbaiti botako diote errua, errazagoa delako errudun bat topatzea errealitate itsusia onartzea baino: Hau da gu garena. Eta izango dira ezustekoa ez den arren berdin-berdin mintzen duen gertaeraren aurrean ikara eta asaldura agertuko dutenak.

Emaitzak direnak direla, genozidioak aurrera egingo du; argi zegoen hori atzo eta hala izaten jarraitzen du gaur ere. Biharamunik egongo ote da palestinarrentzat?