«Ez nuen espektatiba handirik; iritsi zaidana esker onez hartu dut»
Hamabi urteren ondoren, Lourdes Oyarbidek (Egino, 1994) txirrindularitza uztea erabaki du. Urte hasieratik buruan zuen azken urtea izango zela. Taldekide on eta langile finaren zigilua du. Egin duen ibilbidearekin «asebeteta» dagoen arren, arantzatxo bat geratu zaio: Tourra ez korritu izana. Bere ibilbidearen errepasoa egin du NAIZ Irratian.
Bizikleta ondoan daramala, Araiako plazara oinez dator Lourdes Oyarbide, irribarre batekin aurpegian, abegikor. 7 urtetatik bizikleta gainean, eginoarrak hamabi urte egin ditu tropelean, eta 30 urterekin erretiroa hartzea erabaki du. Azken urteetan «gauza asko» galdetu dizkio bere buruari, eta aurten «pixkanaka erantzuten» joan da: «Gaztea naiz, eta gauza gehiago egin nahi ditut bizitzan». Bizkaia-Durango (2013-2017), Movistar (2018-2023) eta Laboral Kutxa (2024) taldeetan korritu du.
«Asebeteta» dagoen arren, arantzatxo bat geratu zaio, Tourra korritu gabe geratu delako. Adierazgarria da zeinen barneratua duen, taldekideren batek berak baino maila hobea duenean, nola uzten dituen bere helburu pertsonalak alde batera eta taldearen mesedetan korritzen duen. Aurten egin duen bezala, adibidez. Horixe da Oyarbidek txirrindularitzan utzi duen arrastoa. Aurrera begira, ez du baztertzen txirrindularitzan txikienei esku bat botatzea.
Zergatik hartu duzu txirrindularitza uzteko erabakia?
Beti esan dut 40 urterekin ez dudala lehiatzen jarraitu nahi. Azken urteetan gauza asko galdetu dizkiot neure buruari: ea zer nahi nuen, zenbat urtez ikusten nuen neure burua txirrindularitzan... Pixkanaka galdera horiek erantzuten joan naiz. Gaztea naiz, eta gauza gehiago egin nahi ditut bizitzan. Uste dut hau dela unerik onena. Azkenean ausartu naiz erabakia hartzera.
Iaz Laboral Kutxak fitxatu zintuenean, urte baterako sinatu zenuen. Jada buruan zenuen azken urtea izango zela?
Bai. Ez nuen argi zenbat urte jarraitu nahi nuen, baina beti esan dut egiten nituen urteek kalitatezkoak izan behar zutela. Iaz ez nuen askorako konpromisoa hartu nahi, horregatik sinatu nuen urtebeterako.
Zer moduzko esperientzia izan da Laboral Kutxakoa?
Taldeak proiektu oso polita du. Oraindik urte asko geratzen zaizkio finkatu dituen helburuak lortzeko, baina bide onetik doaz. Pozik nago urtebete haiekin korritu dudalako. Neska gazteak daude, potentzial handia dutenak, nahiz eta oraindik gauza asko dauzkaten hobetzeko eta fintzeko. Onena opa diet, eta orain beste alde batetik jarraituko ditut.
Zer irakatsi diezu taldekideei?
Batez ere lasaitasuna eman diet. Taldeak aurten gonbidapen garrantzitsuak lortu ditu. Maila altuko lasterketetan egoteak urduritasuna eragin die txirrindulari batzuei, eta hori desagertzeko edo kudeatzen jakiteko, nire esperientziarekin saiatu naiz haien alboan egoten eta lasaitasuna helarazten. Gauzak oso ondo atera dira. Taldea Tourrean, Espainiako Vueltan eta Giroan egon da. Lan polita egin du, telebistan presentzia eduki dute. Espainiako Txapelketa irabazi da, Eibarko lasterketa, Pirinioetako Tourra... Gauzak ondo egiten ari dira, eta txirrindulariak erantzuten ari dira.
Espero zenuten hain ondo aritzea?
Ez. Denontzat sorpresa handia izan da, nahiz eta emaitza horiek ez diren nahigabe lortu. Txirrindulari guztiek lan handia egin dute etxean, eta ez da urtebeteko lana, azken urteetan egindakoa baizik. Lanaren emaitzak orain ateratzen ari dira. Taldeak ere ahalegin handia egin du, baita babesleek ere. Pixkanaka emaitzak lortzen joan gara. Askotan, lana egin arren, emaitzak ez dira lortzen. Aurten zortea izan dugu, emaitzak iritsi direlako, baina gerta daiteke beste baldintza batzuk eman eta emaitzarik ez lortzea. Beti esaten dugu txirrindularitzan egun on bat edukitzeko 30 edo 40 txar eduki behar ditugula.
Ostolazak maila oso ona eman du. Santesteban, aldiz, arrastaka ibili da, arnasa gaixotasun bat medio.
Usoaren [Ostolaza] kasuan, iaz jada ikusi nuen. Iazko urtea oso ona egin zuen, nahiz eta agian emaitzarik ez lortu. Hazkundea hor dago. Aurtengo emaitzak iazko lanagatik eta aurreko urteetan egindako lanagatik lortu ditu. Urte oso ona eduki du, eta batez ere konstantea izan da. Apirilean sekulako maila erakusten hasi zen, eta gai izan da urte osoan zehar maila horri eusteko. Oraingoz eduki duen urterik onena izan da, baina ziur nago etorkizunean ere urte onak izango dituela.
Aneren [Santesteban] kasua zaila da. Gorputzak erantzuten ez duenean gauza batengatik edo bestearengatik, zaila da aurrera jarraitzea. Berarentzat ez da urte erraza izan, baina Ane azken hamarkadan izan dugun txirrindularirik onena izan da Euskal Herrian eta estatu mailan. Berak duen kalitatea hor dago. Urte txarra izan arren, oraindik urteak geratzen zaizkio txirrindularitzan, eta ziur nago egoerari buelta emango diola.
Laboral Kutxara etortzerakoan, esan zenuen askatasun handiagoa eduki nahiko zenukeela. Lortu duzu?
Zenbait lasterketetan askatasuna eduki dut, baina urte erditik aurrera taldekide asko oso indartsu ikusi ditut. Nahiago izan dut haiei lagundu eta haiekin helburu on bat lortzen saiatu. Usoak sekulako maila eman du, Yuranik [Blanco] ere emaitza politak lortu ditu, eta Nadia [Quagliotto] esprintean sartu da. Horrelako txirrindulariak alboan edukita, xede pertsonalak alde batera uztea nahiago izan dut, banekielako haiek xede hobeak lortzeko aukerak zituztela.
Hori izan da urte hauetan zure zigilua ziklista bezala?
Baliteke, bai. Azkenean txirrindularitza kirol berezia da. Indibiduala da, baina talde kirol bat da. Egia da, taldeak egiten duen lanaren eraginez, gero txirrindulari bakarrak lortzen duela emaitza, baina askotan emaitza garrantzitsu bat lortzeko txirrindulari horrek bere taldearen laguntza behar du. Oso zaila izango litzateke bakar batek bere kabuz emaitza onak lortzea. Orduan, hobe da indar guztiak batzea helburu zehatz baterako, bakoitza bere kabuz ibiltzea baino.
Gustura geratu zara aurtengo errendimenduarekin?
Egia esan, denboraldiko lehen zatiarekin ez naiz oso gustura geratu. Zenbait arazo fisiko eduki nituen, eta horrek pixka bat geldiarazi ninduen. Gero udaberritik aurrera oso ondo sentitu naiz. Nahiz eta emaitzetan ez islatu, gustura ibili naiz lehiatzen, taldeari laguntzen, taldearen giroan... Alde horretatik pozik nago. Eta urte hasieratik pentsatu nuenez hau azken urtea izango zela, lasterketa guztietara joan naizenean saiatu naiz egun horiek ehuneko ehunean disfrutatzen. Pentsatzen nuen nire azken Espainiako Vuelta izango zela, azken Strade Bianchea... Hori buruan duzula, gauzak askoz ere gehiago disfrutatzen eta baloratzen dira.
Sei garaipen lortu dituzu. Zein izan da garrantzitsuena eta bereziena?
Berezienak Espainiako Txapelketan lortutakoak dira, eta garrantzitsuena Burgosko Itzuliko azken etapa. Txapelketak profesionalak dira, baina Burgosko etapa izan zen lasterketa profesionala eta nazioartekoa. Ez zen bakarrik estatu mailakoa, atzerriko txirrindulariak ere bazeuden, eta horrek egiten du maila altuagoa izatea. Horrez gain, garaipena lortzeko modua berezia izan zen. 2019a izan zen emaitza aldetik nire urterik onena, baina beste urte askotan maila ona eman dut, edo, ni behintzat, nire errendimenduarekin oso pozik ibili naiz. Pozik nago txirrindularitzan egin dudan ibilbidearekin. Oso gazte hasi nintzen, eta etapa guztietatik pasatu naiz: amateur moduan ibili naiz, gero profesional moduan kobratu gabe, ondoren Espainiako lehenengo talde profesionaleko parte izan naiz, eta orain Euskal Herria mailan talde profesional batean ibili naiz. Beraz, pozik nago egindako ibilbidearekin.
Asebeteta zaude edo arantzarik geratu zaizu?
Pozik nago, baina egia da pena eman zidala Tourretik kanpo geratzeak. Taldearen aurretiko hautaketan nengoen, baina kanpoan geratu nintzen. Hori da pena ematen didan gauza bakarra. Giro batean izan naiz, Espainiako Vueltak korritu ditut, eta gainontzeko klasiko guztiak probatu ditut. Munduan dauden ia lasterketa guztiak ezagutzen ditut.
Tropelaren hazkundea bizitu duzu hasieratik, profesionalizazioa. Nolakoa izan da?
Gogorra izan da. Azkenean emakumezkoen kirolak azken urteetan aldaketa asko izan ditu. Egia da ni gaztetan hasi nintzela eta ez nuela espektatiba handirik; orduan, iritsi zaizkidan gauzak esker onez hartu ditut. Orain jada pixka bat urruntzen hasi naizela, perspektibarekin ikusten dituzu gauzak, eta oraindik gauza asko geratzen dira hobetzeko. Nesken profesionalizazioa eta dedikazioa ehuneko ehuna da, eta oraindik haiek ordainetan jasotzen dutena ez dago parean, nire ustez. Urte asko falta dira benetako errekonozimenduak lortzeko. Baina bide onetik goaz eta lanean jarraitu beharko dugu.
Kontinental mailako talde batzuk desagertu egin dira aurten, tartean Sopela eta Bizkaia-Durango, gutxieneko baldintza ekonomikoak ez zituztelako betetzen.
Beharrezkoak ziren baldintzak dira. Beharrezko zen federazioa irmo jartzea eta baldintza hauek behartzea. Baina taldeak desagertu egin dira, amateur mailan geratu ordez. Orain gazte mailatik pasatzen direnek hor hutsune bat daukate: zuzenean profesionaletara pasatzen dira edo ia ez dute nora joan. Lasterketen aldetik, asko desagertu egin dira. Hobetzeko modu bakarra lehiatzea da. Zenbat eta lasterketa gutxiago, orduan eta aukera gutxiago dituzu hobetzeko. Askok esaten dute entrenatzearekin nahikoa dela, baina lehiaketak ematen dizu txapelketetarako puntua. Nire ustez, arazo larriak edukiko ditugu hemendik urte batzuk barru, ez delako oinarrizko maila hori zaintzen. Ikusiko dugu, baina sekulako hutsunea dago oraintxe bertan.