EDITORIALA

Errenta banaketatik ahaztutakoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren batez besteko errentak gora egin zuen 2022an, kontsumo prezioen indizeak baino gehiago, Eustatek argitaratutako datuen arabera. Batzuek egoera hobe baten isla ikusiko dute datuotan, batez ere bere egoerarekin bat badator. Hala ere, beste batzuek, gehienek, ez dute halakorik ikusiko, eta ez datuak faltsuak direlako, noski, baizik eta adierazten duten hobekuntza ez delako sektore guztietara iristen. Gainera, azken urteetako errentaren bilakaerari erreparatuta, erakusten dituzten joera batzuk benetan kezkatzeko modukoak dira.

Emakumeen errenta, oro har, asko hazi da azken bi hamarraldietan; hala ere, errenta osoaren banaketak ez du eraginik izan genero arrakalaren murrizketan, datu egoskorrek egiaztatzen dutenez. 2001etik arrakala hori ez da batere murriztu; aitzitik, orduan baino handixeagoa da. Beste alde batetik, errenta motari dagokionez, lan errentak indarra galdu du. Oraindik errenta osoaren zati handiena bada ere, bi hamarraldian nabarmen txikiagotu da, eta gaur egun ez da %60ra iristen, beheranzko joeran. Alderantzizko joera du kapital errentak, eta hori ez da inondik inora gizartearen ongizatearen seinale. Hirugarren erakusle kezkagarria adin tarteen araberako errentaren hazkunde desberdintasuna da. Gazteek, eta ez hain gazteek ere, beste adin tarteetakoek baino errenta hazkunde askoz apalagoa izan dute azken 20 urteetan, eta adintsuenek handiena, alde handiz. 2001ean, 30 urterekin iristen ziren errenta pertsonalaren batez bestekora; gaur egun, berriz, bostetik hamarrera urte gehiagorekin.

Ez, datu horiek ez dira gizartearen egoeraren hobekuntzaren adierazle. Zenbaki handi eta orokorren atzean errentaren banaketa bidegabea dago, herritar sektore guztietara iristen ez dena. Erakundeek badute horretan eragiteko gaitasuna. Hala ere, hainbat ordezkariren artean bada banaketa horrekin bat datorren beste joera bat; esate baterako, politika fiskal bidezkoagoak ezartzeko eskatzen zaienean, uzkur agertzeko joera. Horretan ere tentuz ibili beharra omen dago, ekonomiari kalte ez egiteko. Noren ekonomiari, baina?