Sagarrarena
San Martingo uda txiki honek The Cider House Rules luzea ekarri dit gogora, sagardo etxearen arauetan lerrokatu bainau sagar biltzen aritzeak. Eguneroko ametsetatik urrun eguneroko eginbehar xume bati heltzeko modu gisa, pretentzio abstraktoak baztertuta. Horregatik hasi dut astea gorputz minbera, ariketa fisikoaren ondorio. Eta hor, muino berdez eta sagarrondoz inguratutako herri txiki batean bizi zen neskatilaren ipuina idazteko ahalegina egin dut. Profil enigmatikoa zuen Elarak, ile marroi luze kiribildua, bisai zurbila, esmeralda begiak, jite bihurria. Bere amatxiren soroetan aritzen zen sagar denboran, egunsentietan, lanbroak lurra besarkatzen duen tenorean. Sagar mamitsuenak aurkitzeko dohaina zuen Elarak. Zumezko saski bat eskuan, sagarrondo artean jasotako fruitu bakoitzak sekretu bat kontatzen omen zion, hargatik laztantzen zuen samurki sagarra saskian sartu aurretik. Bildutakoarekin amonaren etxera jotzen zuen, azukre eta kanela usaineko baserrira, sagarra jotzera. Sagardoa egiten zuen han, jusaren hartzidurarekin eta ilargi zikloarekin edabe gozoa sortuz. Eta txalaparta jotzen zuen herritarrak ohar zitezen. Sagarrondoen burrunba entzuten omen zen bailara osoan, iraganeko kontakizunak kantatuz. Legenda sekretu bat konpartituko balu bezala. Baina hori dena orain jakin dute gehienek, zuhaitzik gabeko soroak ikustean. Eta aspaldi ikusitako filma zaharrak ahanzturatik erreskatatzea bezain erraza dela pentsatu dut ipuinaren zentzua, baina ez da.