«Itoiz. Udako sesioak», bidaia sinfoniko-emozional bat
Lau hamarkada geroago, 21 urte zeuzkala sortu zituen kantak entzuten ari da Juan Carlos Perez. Adi-adi dago; gu, berari begira. Pantaila osoa bete du bere sormenarekin eta memoriarekin; eta gu ere hor gaude, bidaia horretan murgilduta. “Itoiz. Udako sesioak” dokumentala estreinatu da Zinebi jaialdian. Abenduan iritsiko da zinema aretoetara.
Zazpi urte eman dituzte Larraitz Zuazo, Ziru Goikoetxea eta Ainhoa Andraka dokumentalistek “Itoiz. Udako sesioak” filmaren proiektuarekin. Dokumentala ikustean nabaritzen da atzetik lanketa eta hausnarketa sakonak daudela, euskal talde ikonikoaren inguruko film luze honetan mimo handia baitago, baita begirada berezi bat ere; hots, belaunaldi gazteago bateko hiru emakumeen begirada.
Doxa Producciones-ek ekoiztutako film honen mundu mailako estreinaldia hartu zuen atzo Bilboko Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Ostegunean, hilak 14, 19.30ean, ikusi ahal izango da berriz Golem Alondegiko 7. aretoan. Ondoren Xixonera joango da, bertako FICXeko Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin batera partekatu baitu Zinebik estreinaldia.
Eta areto komertzialetan noiz? Abenduaren bukaeran, seguruenik. “Gosea” baitago fikzioa eta dokumentalaren arteko “hibrido” hau ikusteko, genero desberdinak nahasten baititu. Rock taldeei buruzko dokumentalen ohiko osagaiak ditu -partaideekin eta ingurukoekin elkarrizketak, kontzertu zaharren irudiak...-, baina hau pixka bat harago doa, Juan Carlos Perezen gaztaroa fikzionatu duelako.
Bide batez, belaunaldi pare baten bizipenak gogora ekartzen ditu: beren jantziekin, ilajeekin, bizitzeko gogoz... Eta han non islatzen diren orduan egiten ziren disko-forumak -bai, musikari buruz hitz egiteko bilkurak-, Venecia izeneko diskotekako kontzertuak, mezetara joan behar hura...
Hiru egileen artean, Larraitz Zuazo zen Itoiz taldearen zaletu bakarra, atzo aitortu zuenez. Asko maite zuen taldea, baina inoiz ez zuen zuzenean ikusteko aukerarik izan. Eta hori adierazgarria da, 1978an sortu eta 1987an agur esan zuen arren, Mutrikun sortutako talde honek euskal rockaren memoriaren “top-ean” jarraitzen duelako.
KASETE HURA
«Lehen galdetu didate: proposatu zenionean, zer esan zizun Juan Carlos Perezek? ‘Ni utzi bakean, ni hilda nago’, esan zidan. Baina gero konturatu zen eta: ‘Dagoeneko ez nago hilda’, esan zidan», azaldu zuen Zuazok. Proiektuari heldu ziotenean, konturatu ziren artxiboko material gutxi zegoela, garaiko dokumentazioa oso urria zela. Deialdi publiko bat egin eta hortik atera ziren ordura arte ezezagunak ziren zenbait material, horien artean “inflexio unea” ekarriko zuena: kasete bat zen, “Udako sesioak” idatzita zeukana. 15 urterekin Juan Carlosek grabatu zuen lehen kasetea da, Ondarruko familia batek gordeta zeukana.
Kasetearen agerpenak “klik” bat eragin omen zion Juan Carlos Perezi, agian egungo euskal musikak duen egile kreatiboenari. Bidaia emozional honetan sartu zen buru-belarri, eta, egia esan, erabat eskuzabala izan da zinemagileekin eta baita ikusleriarekin ere. «Jokoan sartu zen, jakin-mina piztu zitzaiolako. Eta gero dena ondo joan zen», argitu du zinemagileak.
Harridura handiz entzuten du egungo Juan Carlos Perezek Juan Carlos gazteak egin zituen grabazioak -«ez naizela ni iruditzen zait!»-, eta, era berean, ezusteak jasotzen ditu ibilbide honetan taldekide izan dituenen aitorpenak. «Film emozional bat da, ez da informatiboa», nabarmendu zuen Zuri Goikoetxeak. Indar Trabes taldetik Itoizeraino egin zuten bidaia hartan Juan Carlos Perezek lagun hauek izan zituen: Bernardo Atxaga -testuak idatzi zizkien-, Jose Garate “Foisis”, Matxitxa, Jean Marie Ecay, Antton Farri, Xaby Pery...
Urdulizko Tio Pepe estudioan bildu zituzten guztiak: «Juan Carlosek ez zekien egun horretan nor zetorren estudiora, eta taldekideak guk idatzitako galdetegi batekin zetozen. Juan Carlos eta beste elkarrizketatua parez pare jarri genituen, baina, filmean ikusten den legez, denok harritu gintuzten gauzak gertatu ziren han. Joko horretan sartzean, ezusteak gertatzen baitira. Aurretik guztiak elkarrizketatu genituen, baina ohartu ginen diskurtso finko bat zutela, goitik behera ikasitako ipuin bat izango balitz bezala: Itoizen historia nolakoa izan zen, nola hasi ziren, zergatik utzi zuten... eta inor ez zen hortik ateratzen. Parez pare jarri genituenean, zerbait sortzen zen hor».
Eta, bukaeran, karamelutxoa: taldekide ohien jam session bat. Zerbaiten hasiera, akaso?