Jon ORMAZABAL
PILOTA

Kaiolak bere hamaikagarren txapeldun nafarra izango du... Bilbon

Unai Lasok edo Peio Etxeberriak Lau eta Erdiko lehenengo txapela eskuratuko du hilaren 26an, Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak -Iberokoa 22-17 nagusitu zen- Bizkaia pilotalekuan jokatutako nafarren arteko azken finaletik hamar urtera.

Lasok eta Etxeberriak aurtengo partidarik onena jokatu zuten Labriten.
Lasok eta Etxeberriak aurtengo partidarik onena jokatu zuten Labriten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jokin Altunak eztanda egin arte, Lau eta Erdia ia erabat nafarren eremua izan dela esan genezake, izan ere, jokatutako 40 edizioetatik 27 txapel nafarrentzat izan dira: Olaizola II.a (7), Retegi II.a (4), Eugi, Irujo Ezkurdia eta Nagore (3), Arretxe, Barriola, Bengoetxea VI.a eta Galarza III.a. Eta 28.a ere ziurtatuta dute, duela hamar urte ematen ez zen egoera batera itzuli baikara aurten, hau da, nafarren arteko final batera, Unai Lasok amezketarra bere bosgarren txapelerako bidetik apartatu eta gero. Bizkarreta-Gerendiaingoak eta Zenotzekoak sekula ez dute kaiolako txapelik jantzi eta, hortaz, kaiolak hamaikagarren txapeldun nafarra izango du. Bitxia da, bientzat bigarren Lau eta Erdiko finala izango da eta aurrekoan Jokin Altunaren aurka topo egin zuten batak zein besteak, 2021ean Baikokoak eta iaz Aspekoak.

Kontuak horrela, Unai Lasok eta Peio Etxeberriak 2014an Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok jokatutako finalari jarraipena emango diote. Orduz geroztik jokatutako beste zortzietan Jokin Altuna presente egon da, eta 2015ekoa Mikel Urrutikoetxeak eta Juan Martinez de Irujok jokatu zuten, bizkaitarraren garaipen ikusgarri batekin amaituta, oso maldan gora zuen partidari buelta eman eta 22-20 gailenduta. Berezia da, jokatutako 40 edizioetan birritan bakarrik, 2018 eta 2019an bakarrik jokatu dela final hau Nafarroan, zehatzago esanda, Iruñeko Nafarroa Arenan, bietan Joseba Ezkurdiaren garaipenarekin.

Arrazoi komertzialengatik, aurtengo finala, aurreko laurak bezala, Bilbon jokatuko da, nafarrentzat urrutien geratzen den frontoi industrialean, nahiz eta Unai Lasoren aitaren familiarentzat finala ia etxeko atarian jokatuko den, San Adrian auzokoak baitira.

Berriagoa da nafarren arteko Buruz Buruko azken finala, 2022ko txapela Joseba Ezkurdiaren aurka jantzi baitzuen Unai Lasok, kasu honetan bai, Nafarroa Arenan jokatutako finalean. Aurrekoaren bila, kaiolan bezala, 2014ra joan beharko genuke, Juan Martinez de Irujok eta Julen Retegik Donostiako Atano III.ean jokatu zutenera, hain zuzen. Huraxe izan zen Iberokoak Manomanistan irabazitako bosgarren eta azken txapela.

Beste alde batetik, aldakako ebakuntzatik osatuta, Unai Lasok emandako maila azkenaldiko enpresen arteko desorekan oreka apur bat ipintzera dator.

Azken sei txapelketa ofizialetako finaletan, hiru izan dira Aspeko ordezkariez soilik osatutakoak, eta beste hiruretan Bizkarreta-Gerendiangoak gorde du Baikokoen ohorea -2023ko Binakakoan Imazekin batera eta aurtengo bi buruz burukoetan-. Bilboko enpresaren azken txapela ere erroibartarrak eskuratu zuen, 2022ko Buruz Burukoan. Baikoren, hobe esanda Asegarceren, aurreko txapela ere txapelketa honetan irabazi zuen Oinatz Bengoetxeak 2017an.

TXAPELKETA ESKASA

Aurtengo txapelketari erreparatuta, esan genezake, txapelketa eskas bateko partidarik onenaren, gogorrenarenaren bai behintzat, errepikapena izango dela azaroaren 24an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dena. Final laurdenetako ligaxkako bigarren partidan jokatu zuten erroibartarrak eta ultzamarrak, Labriten, eta Aspekoa 22-19 nagusitu zen 331 pilotakadako lehia ezin estuagoan. Esan genezake partida hau nolabaiteko salbuespena izan dela txapelketa honetan, lehiarik gehienak alde nabarmenekin erabaki baitira. 17 partidetan, bi finalisten artekoaz harago, beste bi partidetan baino ez ditu galtzaileak 16 tanto egin: Laso 22 / Peña 16 eta Elordi 22 / Peña 21; eta bederatzitan irabazleak galtzailea gutxienez bikoiztu egin du markagailuan.

Abiaduraz harago, aurkarien arteko indarrak orekatzen zirela izan zen urteetan ahaztuta zegoen modalitate honen berpiztea ekarri zuen giltzetako bat, baina azkenaldian gehiegizko abiadura -denboraldiko pilotarik bizienak kaiolan ikusten ari gara- oreka hori hausten ari da. Ikuskizunaren aldetik, oso gutxi izan dira, aurtengoan behintzat, bete-beteko partidak.

Honi gehitu behar zaio, jokatutako tantoen ia laurdena, %22 pasatxo -572tik 128-, sakez lortutakoak izan direla eta sake-errematez ere beste mordoxka bat, piloteatutako tantoak asko murriztu baitira.