Salbazioa
Bai, bai, harrituta nago, baina joaten utzi dit. Bideari jarrai diezaiokedala esan dit errepide bazterrean geldiarazi nauen polizia arretatsuak. Ez dakit nabaritu duen nire hasperena motorra berriro piztu, eta autoa martxan jarri dudanean. Desorduak ziren, eta artistei, edo, hobeto esanda, arte-langileei dagokigun moduan, ez dakit zein bazterretatik etxerako bidean nentorren: oso nekatuta eta, publikoki aitortzea kostatzen den arren, apur bat “kargatuta”. Zaila baita desorduetan ibiltzea ura bakarrik edaten.
Horregatik, pentsatzen nuen behin kontrolean geldituta “konpleto” bat egingo zidatela: nondik zatoz, egin putz hemen, edan duzu, atera autotik... Baina ez, nire harridurarako ‘gabon’ esan dit (ezin sinetsi, baina euskaraz). Seinale bat izango zen, zeren eta ondoren, ezer esan gabe, auto barrenaldearen errepaso azkarra egin du begiradarekin, eta pastoral bat baino luzeagoa egin zaidan segundo bateko zalantzaren ondoren... hanka egiteko esan dit. Eta nik ezin sinetsi. Egia da ez nengoela oso egoera txarrean, baina nork jakin!
Leihatila itxi dudanean ohartu naiz, babo halakoa, tarte guzti horretan ez dudala jaitsi musikaren bolumena. Anariren ‘‘Giza zarata’’ entzuten nentorren eta loteria; euskaldunaz gain, polizia musikazalea tokatu zait. Esango nuke, berriro ere, musikak salbatu nauela.