«Eko- telesailak»
Pablo Hernando gasteiztarraren “Una ballena” filma Green Film ziurtagiria lortzen duen fikziozko lehen film luzea da. Filmaketa jasangarria burutu duten eta ingurumenarekin konprometituta dauden izenburuei ematen zaien zigilua da.
Apurka aldaketak egiten ari diren arren, argi dago zinema, oraindik ere, asko kutsatzen duen industria dela. “Eko-telesailak” aipatzen dudanean, ordea, ez naiz gai zehatz horretaz ari, telesail batzuek ingurumenaren gaia nola jorratzen ari diren baizik.
Jasangarritasun rankingetan buru diren herrialdeetatik iristen diren proposamenez ari naiz: herrialde nordikoak. Beraien genero ikurra nordic-noir delakoa bada ere, azken boladan ingurumenaren gaia gidoiaren erdigunean kokatzen ari dira. Jasangarritasunarekiko eta klima aldaketarekiko herrialde horiek dituzten kezkak islatzen dituzten istorioak dira eta planetaren babesarekin zerikusia duten dilema etiko, politiko eta sozialei heltzen diete.
Berriki, esaterako, “Familier som vores” telesaila estreinatu da. Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarrak egin duen lehen telesaila da eta klima aldaketak Danimarkan izan ditzakeen ondorio suntsitzaileen erretratua erakutsi du. Itsasoaren maila asko haziko den aurreikuspena dago, eta herrialde osoa ebakuatzea erabakiko dute.
Ez da adibide bakarra: “Okkuper”, ‘‘Borgen” ‘‘Tellus”, “Jordskott”, “Bedrag”... Ikusi dituzue?