Lehiaren politika industriaren kalterako denean
Erik Reinert ekonomialari norvegiarrak aipatzen du nola Ameriketako Estatu Batuetan, denboraren eta pragmatismoaren poderioz, konpondu den gobernuaren interbentzioaren aurkako jeffersoniarren eta politika aktibistaren aldeko hamiltondarren arteko lehia, lehenak erretorikaren kargu utziz eta bigarrenak politikaren kargu jarriz. (Thomas Jefferson eta Alexander Hamilton AEBen sortzaileetako bi izan ziren. Lehenak «gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da» zioen; bigarrenak, ordea, gobernu federal indartsua defendatzen zuen). Europar Batasunean, ordea, hamarkadetan liberal muturrekoak bi arloetan nagusi izan dira, erretorikan zein politikan. 2008ko krisialdiak eta Covid-19aren pandemiak kredo liberala gero eta gehiago jarri dute zalantzan. Irailean argitaratutako “The Future of European Competitiveness” edo Draghi txostenak ildo berean sakontzen du.
Txosten horrek Europako ekonomiaren egungo egoeraren diagnostiko zorrotza egiten du: EBko per capita BPGak AEBekiko duen arrakala handitzen ari da. Sektore teknologikoaren presentzia nabarmen txikiagoa da. ‘Bitarteko teknologiaren tranpan’ murgilduta, dinamismo industrial urria, berrikuntza txikia, inbertsio txikia eta produktibitatearen hazkunde txikia da. Hornidura-kateetan posizio ahul eta mendekoa du. Biztanleriaren zahartze testuinguru batean bere produktibitatea eta hazkunde potentziala handitzeko gai ez bada, gizarte eredua eta herritarren ongizatea arriskuan egon omen daitezke.
Draghik bira kopernikarra planteatzen du: Europa mailan industria-politika bat garatzea, berrikuntza bultzatzeko, ekonomiaren deskarbonizazioa lortzeko eta Europaren autonomia handiagotzeko, bai ekonomikoa, bai segurtasunekoa. Industria-politika, orain arte Estatu mailako eskumena, Europako politika ekonomikoaren ardatz zuzendari bihurtu beharko litzateke, eta haren mende jarri bai merkataritza-politika, bai lehia-politika. Proposamen izarra urtean 750.000 milioi euro baino gehiago inbertitzea da (Europako BPGaren %5), Europako zor publiko mankomunatuaren edo eurobonuen bidez finantzatuta. Txostenak hainbat proposamen sektorial lantzen ditu. Horietako batzuek euskal egitura produktiboan pisu handia duten adarrei eragiten diete, hala nola autogintzari, metalgintzari eta energia berriztagarriei.
Europar Batasuna tradizionalki erregea baino erregetiarragoa izan da, kutsu liberaleko politikei dagokienez. Munduko banku zentral bakarrenetakoa du zor publikoa erostea debekatua duena. Aurrekontu eta zor publikoan zorroztasun handienetakoa praktikatzen du. Kanpo merkataritzan librekanbioaren defendatzaile sutsuenetarikoa da. Izan ere, atzerriko enpresak beren inbertsio edo salgaien portzentaje bat tokiko produkzioz hornitzera -‘Eduki Lokaleko Baldintzak (LCR)’ alegia-, behartzen ez dituen gutxienetakoa da. Bitartean, AEBek esate baterako, parke eoliko bat eraikitzeko kostuen % 25-55 bertako produkzioz betetzera behartzen ditu atzerriko enpresak.
Politika industrialari dagokionez, 1992tik aurrera politika horizontalak politika bertikalei nagusitu zaizkie eta lehiaren erregulazioak politika industrialaren gainetik kokatu dira. Politika horizontalak ekonomia osoari modu uniformean aplikatzen zaizkionak dira, hala nola lehiaren erregulazioak eta berrikuntza eta ikerketa politikak. Politika horien helburua da barne-merkatuan lehiakortasun-ingurune bat sustatzea, sektore jakin batzuei pribilegiorik eman gabe. Aitzitik, politika bertikalak sektore estrategiko espezifikoei laguntzeko diseinatuta daude, subsidioen, pizgarrien eta erregulazio berezien bidez.
Lehia askea erabat lehenesteak kritikak eragin ditu aspalditik. Europako enpresek eskala globalean lehiatzeko duten gaitasuna mugatzen du, AEBetan edo Txinan estatuko dirulaguntza esanguratsuak eskaini bitartean. Gainera, fusioak debekatuz, nazioartean lehiatzeko konglomeratu handiak edo ‘txapeldun kontinentalak’ gorpuztea oztopatu egin da. Kasu paradigmatiko bat izan zen, trenen sektorean, Alstom frantziar eta Siemens alemanaren arteko bat-egitea blokeatu izana 2019an, monopolioari buruzko kezken ondorioz, Txinako CRRC talde erraldoiarekin lehiatzea zailduz.
Draghi txostenak EBko politiken arduradunen artean gero eta kezka handiagoa dagoela islatzen du, lehia-politikak estrategia industrial proaktiboago batekin orekatzeko beharraren inguruan. Dokumentuak iradokitzen du lehia-politikak industria-politikaren aurretik jartzea oztopo izan daitekeela sektore kritikoetan hazteko, batez ere egungo ingurumen- eta teknologia-erronken testuinguruan. ‘Europako txapeldunak’ sortzeko proposamenak, hain zuzen ere, funtsezko sektoreetan berrikuntza eta lidergo europarra sustatzeko beharrari erantzuten dio, EB hirugarren herrialdeetatik datozen teknologia edo baliabideen mende egon ez dadin.
Ikuspegi berrikusi hori hainbat proposamenetan agertzen da, hala nola trantsizio berderako lehia-arauak malgutzea, goi-teknologiako sektoreei laguntzea eta Europako enpresa estrategikoen atzerriko eskuratzeen gaineko kontrola. Estatu-laguntzen baldintzak eta mugak malgutzea defendatzen da, enpresei laguntzeko gaitasuna handitzeko. Europako Interes Komuneko Proiektu Garrantzitsuak (IPCEI) hedatzea ere bai, berrikuntzaren nozio zabalagoa -eta ez soilik abangoardiakoa- duten proiektuak finantzatzeko. Sektore estrategikoetan lankidetza erraztea ere bilatzen da, autonomia teknologikoa eta jasangarritasuna sustatzen dituzten baldintza espezifikoetan Estatuaren laguntza jasotzea ahalbidetuz.
Txostenak harrera ona izan du Europako agintarien aldetik, baina ikusteko dago zer ibilbide egin duen eta zer gaitasun duten proposamenek estatu kide batzuetan eta ortodoxia liberalean sortutako errezeloei aurre egiteko, batez ere eurobonuen, banku-batasunaren osotasunaren eta kapital-merkatuaren batasunaren esparruetan. Argi dago, ordea, politika tradizionalari astindua eragin diola eta ekimen publikoaren aukerak zabaltzeko eta legitimatzeko balio duela.