Nerea LAUZIRIKA
PALESTINARI BURUZKO JARDUNALDI JURIDIKOAK

Nazioarteko Zuzenbidearen gabeziez eta erronkez

Palestinako auziari nazioarteko ikuspegitik heldu zioten atzo arlo juridikoko hainbat adituk, Bizkaia Aretoan, Gernika-Palestina Herri Ekimenak antolatutako jardunaldietan. Monique Chemilier-Gendreau eta Francesca Albanese Nazioarteko Zuzenbideaz aritu ziren; bereziki, agertzen ari den eraginkortasunik ezaz.

Bi hizlarik bideokonferentzia bidez hartu dute parte jardunaldian.
Bi hizlarik bideokonferentzia bidez hartu dute parte jardunaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gernika-Palestina Herri Ekimenak antolatuta, Nazioarteko Jardunaldi Juridikoak egin zituzten atzo, Bilboko Bizkaia Aretoan. Francesca Albanese eta Monique Chemillier-Gendreau adituak izan ziren aurreneko saioko hizlariak. Albanese italiar abokatua da eta Nazio Batuen Erakundeko Palestinarako kontalari berezia, eta Chemilier-Gendreau, berriz, frantziar legelaria eta ELDH Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen Aldeko Legelarien Europako Elkarteko ohorezko presidentea.

“Nazioarteko Zuzenbidea eta Palestinaren aldeko borroka” saioan hartu zuten parte biek, bideokonferentzia bidez, eta bi kontzepturen inguruan hausnartu zuten, gaur egungo testuingurua kontuan hartuta.

Chemilier-Gendreauk hartu zuen hitza lehendabizi eta Nazioarteko Zuzenbidearen eraginkortasunaz eta gabeziez aritu zen. Zehazki, Nazioarteko Zuzenbidearen gaur egungo eragiteko gaitasunik eza azpimarratu zuen. Halaber, legelariei zuzendutako mezua ere jaurti zuen, adierazi baitzuen haiei dagokiela gabezia hori aztertu, zergatiak aurkitu eta horri aurre egiteko pausoak zehaztea.

Ildo horretan, azaldu zuen Nazioarteko Zuzenbidea Israeli dagokionez agertzen ari den eragiteko gaitasun falta ez dela auzi isolatua, baizik eta araudia bere horretan pairatzen ari den krisiaren testuinguruan ulertu beharreko kontua.

Horrez gain, legelariak gogorarazi zuen Nazioen Zuzenbidearen helburua, berez, Estatuak elkar errespetatzera derrigortzen dituen neurrian, dominazioaren aurka egitea dela baina Mendebaldeko estatuek guztiz kontrakoa egiteko darabiltela. Hots, dominazioa ahalbidetzeko baliatzen dutela zuzenbidea.

Jarraian, Albanesek hartu zuen hitza eta bere egin zituen Chemilier-Gendreauk azaldutakoak. Horrela, adierazi zuen Israel egiten ari den genozidioa Nazioarteko Zuzenbidearen hutsuneen ondorioen adibide paregabea dela: «Nazioarteko Zuzenbidea hitz hutsetan geratzen denean gertatzen denaren lekuko da Palestina».

Izan ere, gatazkak ekiditea helburu duen araudia da, abokatuak azpimarratu zuenez, baita giza eskubideak babesteko tresna ere, edo, behintzat, horretarako pentsatua eta sortua.

Horren inguruan, nabarmendu zuen giza eskubideak «norbanakoon garaipenak arautzearen ondorioa» direla, alegia, jendarteak kolektiboki zein indibidualki egindako «minez betetako» bideen emaitza. Azalpenarekin argi utzi nahi izan zuen eskubideak ez direla ausaz aitortuak izaten, borrokatuta baizik.

Halaber, Palestina pairatzen ari den okupazioaren mundu mailako ondorioez mintzatu zen. Horrela, baieztatu zuen bertan gertatzen ari den genozidioan eragiteko gaitasunik agertu ezean, Nazioarteko Zuzenbidea bera oso-osorik eroriko dela. Horrek, Albaneseren hitzetan, arriskuan jarriko gintuzke orain gure burua erabat babestuta ikusten dugun Mendebaldeko norbanakoak ere.

PROIEKTU KOLONIALA

Abokatuak azpimarratu zuen Israel badela juduen zapalkuntzari erantzuteko sortutako Estatua, baina ez hori bakarrik: «Proiektu koloniala ere bada Mendebaldeko herrialdeentzat». Orain Israelek okupatutako lurretako indigenak musulmanak, juduak eta kristauak direla adierazi zuen, gaur egun sionistek jatorrizko biztanleak kanporatu badituzte ere.

Adibide gisa jarri zituen Estatu Batuak, Kanada eta Zeelanda Berria, hiru estatuak garbiketa etnikoen gainean eraikitakoak baitira, jatorrizko biztanleak ia-ia guztiz desagerraraztea lortzeraino: «Ez badugu nahi Palestina Estatu Batuak edo Kanada bilakatzea, palestinarrak babestu behar ditugu».

Horrez gain, Albanesek azaldu zuen indigenentzat lurra ez dela bizitokia soilik, baizik eta identitatea bera dela: «Ez da non bizi diren, nor diren baizik». Horrela, uste du ezinezkoa dela Palestinaren azken hamarkadetako historiari buruz hitz egitea garbiketa etnikoaz aritu gabe.

Nazioarteko Zuzenbideak kontzeptu gisa handitasuna iradokitzen badu ere, Albanesek tokian-tokian eragiteko gaitasunean jarri zuen arreta. Horrela, adierazi zuen ezin zaiola Nazio Batuen Erakundeari errurik bota Nazioarteko Zuzenbidea betearazten ez duelako, araudi hori bera errespetatzen ez duen Estatu batean bizi eta haren gobernuari konturik eskatzen ez bazaio.

Alde horretatik, aitortu zuen Nazio Batuen Erakundeak ardura izan badaukala, baina baita hura osatzen duten estatuek ere, espainiar Estatua eta haren posizionamendua adibide gisa jarrita.