«Nazioa garela» azaltzeko deia egin du EH Bilduk, larunbatean Bilbon
EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo Bilboko Plaza Barrian, datorren larunbat arratsaldean, azaroaren 23an, Bizkaiko hiriburuan egingo duen mobilizazio nazionala iragartzeko. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eta Iker Casanova Bizkaiko bozeramaileak esan zutenez, espazio eta ahots bat eman nahi diete Euskal Herria nazio gisa errespetatu behar dela uste duten herritar guztiei.
Autonomia kalea bete nahi dute “Nazioa gara” lelopean, testuinguru oso zehatz batean: «Espainiar Estatuan, baita frantziar Estatuan ere, eztabaidak irekiak daude gurea bezalako nazioek izan behar duten paperari buruz. Espainiar Estatuan bada eztabaida ireki bat izaera plurinazionalari buruz, Pedro Sanchez presidenteak berak, EH Bilduren galderari erantzunez, Kongresuan aitortu zuen bezala».
Euskal Herrian ere elkarrizketa prozesua martxan dago alderdien artean, estatus berriari buruz hitz egiteko. «Ez da gauza bera Estatuarekin autonomia erkidego edo nazio gisa erlazionatzea. Hori da oraintxe jokoan dagoena», azpimarratu zuen EH Bilduk.
Ezker subiranistak defendatu zuen horrelako eztabaidak «gizarteari eta eragile ekonomiko, sindikal eta sozial guztiei zabalik» egon behar dutela, «baita herritar guztiei ere».