IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Bidasoa» euskarri fisikoan, eta Anoetako kontzerturako 10.000 sarrera gehiago

Ekainaren 14rako iragarritako Anoetako kontzertua «festibal txiki» bilakatuko du Muguruzak, eta horregatik 10.000 sarrera gehiago salgai jarri ditu, berarekin oholtzan egongo diren zenbait talde ezagutarazteaz batera. Bestalde, "Bidasoa 2018-2023" dokumentala DVDan eta soinu banda CD formatuan aurkeztu ditu.

Fermin Muguruzak udazkenean ondutako uzta aurkeztu zuen atzo: DVDa eta CDa, eta ekaineko kontzertua.
Fermin Muguruzak udazkenean ondutako uzta aurkeztu zuen atzo: DVDa eta CDa, eta ekaineko kontzertua. (Maialen ANDRES | FOKU)

Atzoko egunez, duela 39 urte, Kortaturen lehen CDa aurkeztu zuen Fermin Muguruzak, eta atzo goizean «39 urteren ostean kulturalki aktibo» jarraitzen duela ospatu zuen. Hori hala dela adierazteko bi albiste eman zituen musikariak: batetik, "Bidasoa 2018-2023" dokumentalaren DVDa eta soinu banda CD formatuan, eta, bestetik, 2025eko ekainaren 14an egingo duen kontzertua arratsalde osoko egitarau bilakatu dela, «festibal txiki bat talde gonbidatuekin», eta 10.000 sarrera gehiago salgai jarri dituztela.

Andres Camio ‘Jitu’ Elkar musika argitaletxeko ordezkariak azaldu zuen irundarrek oso ongi ezagutzen dutela Bidasoa, «tragedia anonimoekin oso lotua». Eta dokumentalak «hildako kopuru hotzen atzean, bizitza galdu dutenen istorioak» biltzen dituela nabarmendu zuen, eta CDak, berriz, Bidasoko zenbait taldek osatutako soinu banda jasotzen duela.

Muguruzarentzat, dokumentala jada Primeran edo Filmin plataformetan ikusgai dagoen arren, «objektuak du garrantzia», eta horregatik erabaki du euskarri fisikoan ere kaleratzea. CDari dagokionez, kantu osoak entzun ahal izango direla azpimarratu zuen, eta ez zatiak, dokumentalean orain arte dauden bezala. Berarentzat, «Bidasoari maitasun kantu bat» da CDa, mugaren bi aldeetako herritarrak elkartu eta estilo ezberdin eta adin ezberdinetako musikariak euskaraz kantuan jarri dituelako.

BIDASOA, «TOPALEKU»

Dokumentalaren euskarri fisikoaz azaldu zuen lau hizkuntzatan daudela azpitituluak, eta horietako bat arabiera da: «Euskal Herri anitz hau gero eta aberatsagoa egin nahi badugu, horrelakoak egin behar ditugu».

Aintzane Lasarte dokumentaleko protagonista eta Bidasoa Etorkinekin taldeko kidea ere aurkezpenean izan zen, eta gogoratu zuen Bidasoko muga, gaur-gaurkoz, «duzun azal kolorearen arabera» zeharkatu daitekeela. «Baina Hendaiako zein Irungo herritarrentzat topaleku bat da, elkartzen gaituena. Hainbat heriotza gertatu dira, baina berez ibaia ez da hiltzen duena, migrazio politikek hiltzen dute», adierazi zuen.

«Pertsona bakoitzak proiektu bat du. Inork ez du eskubiderik hori geratzeko», esan zuen Lasartek. Gogoratu zuen urtarrilaren 27an Baionan epaituko dituztela, pasatu den Korrikan migratzaile batzuei muga zeharkatzen laguntzeagatik.

ANOETAN 10.000 SARRERA GEHIAGO

Prentsaurrekoaren bigarren zatian, beste albiste baten berri eman zuen Muguruzak: 2025eko ekainaren 14ko kontzerturako 10.000 sarrera gehiago salgai jarri dituzte. «Jada 25.000 sarrera saldu direla ikusita, festibal txiki bat egiteko nahia sumatu genuen, arratsalde oso bateko zerbait», azaldu zuen, eta horretarako bere ibilbide osoan izandako «anai-arrebak» gonbidatu dituela aurreratu zuen.

Deskontrol, Bad Sound Sistem, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Palestinako DAM taldea izango dira Anoetako oholtzan. Azken talde honek jotzeko aukera izango duen ez dute oraindik ziurtatu. «40 minutu Rocken jo zuten DAM taldekoek. Zaballako espetxean ere nirekin eman zuten kontzertua. Baina, genozidioa medio, ez dakigu etorri ahal izango duten. Saiatuko gara», esan zuen.

Gogoratu zuen Anoetakoa baino lehen badituztela beste zenbait kontzertu, eta, dokumentaleko soinu bandan belaunaldi ezberdinen arteko elkarlana bilatu duen bezala, kontzertuetarako ere horixe landu duela. Aditzera eman zuen Lide Hernando bira osoan gitarran eta koruetan izango dutela, eta Gloria Maurel baterian.

Hurrengo hilabeteetan dituen kontzertuak prestatzeko tartea hartu nahi duela azaldu zuen, eta «zentratu» nahi duela azpimarratu. Bi ordu eta erdiko ikuskizuna ontzea da bere helburua, 33 kanturekin.

MARTUTENEKO KONTZERTUA

Asteburu honetan Martuteneko espetxean jotako kontzertuaren ondoren, Lakuako Justizia Sailak egindako adierazpenen harira hausnarketa bat egin zuen: «Nola da posible sailburu batek kantu bat hartu, epaitu eta zigortzea? Hori epaile batek egin beharko luke». Eta gaineratu zuen Imanol Pradalesi galdetu nahi liokeela zer iruditzen zaion bere sailburuak esandakoa.

«Espetxeetan kontzertuak jotzen dituen bolondresa naiz ni. 2000. urtean Iruñeko kartzelan jo genuen. Eta euskal presorik ez dagoenean, eta laster gertatuko dela espero dut, espetxeetan jotzen jarraituko dut, garrantzitsua iruditzen zaidalako», adierazi zuen.