EDITORIALA

Dibertsifikazio ezaren arrisku ekonomikoak

Maria Chivite lehendakariak atzo adierazi zuenez, Volkswagen taldea 2026an Landabeneko fabrikan bi auto elektriko ekoizten hasiko da. Hori azaldu omen dio krisi sakonean dagoen enpresa alemanak. Iragarpen lasaigarria dirudien arren, Gobernua «baretasun erne» batean dagoela esan zuen. Ez da gutxiagorako; izan ere, taldeak azken asteetan itxiera, kaleratze eta murrizketa ugari iragarri ditu Alemanian eta Europako beste herri batzuetan.

Egia da Nafarroak zenbait abantaila dituela Alemaniarekin alderatuta. Batetik, energia asko garestitu da han azken urteetan. Errusiako erregai fosil merkeak ziren industria alemanaren lehengai nagusia; Ukrainako gerrak horniketa hori eten duenez, Berlingo faktura energetikoa biderkatu eta herrialdea atzeraldi ekonomikora hurbildu da. Kontrara, Iberiar penintsulan, inflazioak gogor jo duen arren, energia ez da hainbeste garestitu eta ez du hainbeste iraun. Nafarroak, beraz, abantaila dauka lehia horretan. Ez da bakarra: hemengo soldatak Alemaniakoak baino baxuagoak direnez, pertsonal kostuak ere txikiagoak dira.

Baina Landabeneko fabrikaren etorkizuna ez da izango bakarrik Alemaniaren eta Nafarroaren arteko baldintzen alderaketaren araberakoa. Batetik, Alemanian hemen baino garestiagoak diren gauzak -energia eta langileak, batik bat-, hemen baino merkeagoak dira beste leku batzuetan. Horrez gain, Alemaniako langileen baldintzak okertzeak presioa areagotu dezake hemengo etorkizuneko lan-hitzarmenen maila jaisteko. Azkenik, ikusteko dago auto elektrikoaren aldeko apustu handiaren emaitza zein den. Berandu dator, Txinako ekoizleek sekulako abantaila hartua dutelako, eta ez dago batere garbi Europar Batasuna bere industria indartzeko beharrezkoak diren pausoak emateko gai izango ote den. Epe motzera begiratuta, Nafarroako ekonomiaren oinarri nagusietako batek ekoizpen berriak iragartzea albiste ona da, baina etorkizunari begira enpresa bakar baten zailtasunek herrialde oso baten ekonomia atakan jartzeak menpekotasun arriskutsu bat islatzen du. Dibertsifikazioa ezinbestekoa da.