18/98 auzia: «Dena ETA da» estrategiaren muturreko adibidea
Gaur bezalako egun batean, duela hemeretzi urte, 18/98 makrosumarioaren epaiketa hasi zen Madrilen, euskal independentismoaren aurkako auzi ezagunetakoa. Baltasar Garzon epaileak ezin hobeto ordezkatu zuen eta Estatu espainoleko botereek gogoz bultzatu zuten «dena ETA da» estrategiaren ikur adierazgarria. Epaiketa politikoa, ñabardurarik gabe.
Horren jakitun ziren udazkeneko goiz hotz hartan Casa de Campo deritzonera heldu ziren 59 auzipetuak, euren abokatuak eta Euskal Herritik elkartasuna adierazteko joandako dozenaka eragile eta norbanakoak.
16 HILABETEKO AMESGAIZTOA
Auzitegi Nazionalaren galbahetik pasatu behar zuten euskal herritarrek multzo heterogeneoa osatzen zuten, bai adinez bai euren ibilbide profesional, sozial edo politikoari zegokionez. ‘‘Egin’’-eko azken zuzendari eta zuzendariorde Jabier Salutregi eta Teresa Toda, egunkariko beste zenbait langile eta beste hainbat lagun ezinbestekoak izan ziren hura martxan jartzeko; ezker abertzaleko militante historiko eta kualifikatuak; euskalgintzan, borroka ekologistan eta oro har herrigintzan urte luzez aritutako jendea; nazioarteko lanean eskarmentua zuten hainbat lagun; enpresa mundu- koak; unibertsitateko irakasleak... Talde anitza, edozein lekutatik begiratuta.
Guztiek zekiten hastear zuten bidea gogorra izango zela; inork gutxik uste zuen, ordea, 16 hilabeteko amesgaiztoa zain zutela.
Izan ere, Angela Murillo presidentearen gidaritzapean -zerbait esatearren- 2005eko azaroaren 21etik 2007ko martxoaren 17ra arte luzatu zen epaiketak Justizia espainolaren egoera tamalgarria norainokoa zen, eta den, erakutsi zion bertatik bertara edo Euskal Herritik jarraitu zuen orori. Ia urte eta erdiz auzitegi espainolean bizi izandakoa eskandalagarria izan zen.
Eta baita gogorra ere, oso. Horren adibide da bi auzipetu, Jokin Gorostidi - 2006ko apirilaren 25ean- eta Jose Ramon Aranguren -2009ko urtarrilaren 7an. Epaiketa hasita zela kanporatua izan zen, eritasunagatik- hil izana eta beste zenbaitzuk gaixotu izana. Beste batzuk ere zendu dira ordutik, auzipetu asko oso urrun baitzeuden gazte izatetik.
Bost axola, ordea, Murillori, Molina fiskalari eta salbuespenezko auzitegian habia egina zuten uniformedun guztiei.
EPAIKETA SALAKETA BIHURTU
Geroxeago 18/98 izena hartuko zuen makroauzia 1989an abiatu zuen Baltasar Garzonek, ezker abertzalearen aurka egiteko xedez, eta urteekin adar desberdinak lotu zizkion hasierako enborrari: ‘‘Egin’’, Xaki, KAS, Ekin, Joxemi Zumalabe fundazioa... sigla horiek guztiak lapikoan sartu eta, epaiketa hasterako, ehunka milaka orrialdez osatutako muns- troa eraikia zuen epaileak.
«Auzipetuek uko egin diote fiskalari erantzuteari, ‘hau epaiketa politikoa delako’». GARAren lerroburu horrek ondo islatzen du epaiketaren hasieratik auzipetuek izan zuten jarrera. Haren izaera politikoaren salaketa eta eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena etengabea izan zen beraien adierazpenetan, auzitegian eta auzitegitik kanpo, eta baita soinean eraman zituzten elastikoetan ere. «Epaiketa hau salaketa bihurtuko dugu», adierazi zuten bozeramaile lana hartu zuten Teresa Todak eta Iñigo Elkorok, bertaratutako hamarnaka kazetariren mikrofonoen aurrean.
Zortzi orrialdeko kronika luze horretako beste lerroburu honek, aldiz, epaileen jitea laburbiltzen du: «Epaimahaiaren presek bermeak zapaltzen dituzte».
Ramon Solaren albisteak aipatzen duenez, Angela Murillok eta beste bi epaimahaikideek -Nicolas Poveda falangista ohia eta Luis Martinez de Salinas- ordu erdi eskasean atzera bota zituzten defentsaren abokatuek aurkeztutako eskaera mordoa, besteak beste Poliziaren eta Guardia Zibilaren perituen errekusazioa.
Argi zegoen epaileek ahalik eta azkarren bukatu nahi zutela ikusmin handia piztu zuen epaiketa hura.
Helburu hori ez zuten lortu: auzipetuen babesgabetasuna eta irregulartasunak hain izan ziren agerikoak, ezen epaiketa hamaika aldiz geratu baitzen bertan behera -lehen egunean ere hala gertatu zen-; defentsaren abokatuek dokumentazioa aztertzeko denbora behar zutelako, galdeketak egiteko beharrezkoak ziren txostenak agertzen ez zirelako, eta beste hainbat arazo zirela medio.
Zenbat aldiz ez ote zuten Euskal Herrirako bueltako bidea hartu saioa hasi eta ordu erdira, zenbat gau ez ote zituzten eman berriro ere Madrilerako bidean, furgonetan.
HASI ETA BUKA, ELKARTASUN OLATUA
2007ko udaberria hastear zela bukatu zen epaiketa, Madrilgo Genova kaleko auzitegian, Casa de Campo-ko egoitza beste epaiketa handi bat hartzeko erabili zutelako, Martxoak 11ko atentatuen gainekoa, hain zuzen.
Epaia urte horretako abenduaren 19an jakinarazi zuten Murillok, Povedak eta Salinasek, eta epaiketan nola aritu ziren ikusita, haien erabakiak ez zuen inor harritu: oro har, epaileek fiskalaren eta akusazioen tesia bere egin zuten eta auzipetu gehienei kartzela zigorra ezarri zieten.
Urte eta erdi beranduago, 2009ko maiatzaren 26an, Auzitegi Gorenak zigorra kendu zien sei auzipeturi, eta gainontzekoei zigorrak arindu zizkien. Gainera, ‘‘Egin’’ eta Egin Irratiaren itxierak legez zilegitasunik ez zuela adierazi zuen. Berandu, ordea, kaltea egina baitzegoen ordurako, egun hauetan bertan Hernanin ikusi duzun bezala.
Mina eragitea, hori lortu zuen 18/98 auziak, ondo dakite auzipetuek eta euren senideek. Baina beraienganako elkartasun olatu handi bat altxatzea ere eragin zuen. Epaiketaren harira, hamaika dinamika piztu ziren, herriz herrikoak eta Euskal Herri mailakoak -Kaiera ekimena edo hainbat musikarik eta bertsolarik egindako diskoa, adibidez-, eta 18/98+ plataformak deituta mobilizazio erraldoiak egin ziren.
Jasotako babesa, handia bakarrik ez, oso anitza ere izan zen. Garzonen, Murilloren eta enparauen helburua auzipetuak eta eurek ordezkatzen zutena kriminalizatzea bazen, horretan ez zuten asmatu. Casa de Campo-ko lubakitik Euskal Herrira eta mundura duintasun mezua zabaldu zuten lagun horien garaipena da hori.
[2005] Artículo de Eva Forest en el inicio del juicio
Coincidiendo con la crónica del inicio de la vista oral del macrosumario 18/98, Eva Forest (Barcelona, 6 de abril de 1928 - Hondarribia, 19 de mayo de 2007) publicó en GARA un extenso artículo en el que, con verbo afilado y mirada precisa, exponía el contexto en el que se iba a desarrollar el juicio y resumía los antecedentes políticos y sociales que le precedían. «Cuando uno se acerca a observar aspectos concretos de este proceso tan destructivo, descubre la gran inmoralidad desde la que se han llevado a cabo», describía, y apostillaba que «contra la izquierda abertzale, una vez criminalizada como violenta y terrorista, se justifica todo».
En el escrito, publicado hoy en NAIZ, Forest se hacía eco de los expertos que advertían de que «durante la instrucción del sumario se han cometido todo tipo de anomalías jurídicas» y que, «siguiendo un cauce normal, no podría conducir a ninguna parte», pero recordaba que «aquí nada es normal, de no ser la anormalidad». Los 16 meses de andanzas de Ángela Murillo y compañía le dieron la razón a la añorada escritora y editora catalana.