Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Antipolitika

Uholdeak jazotzen direnean edateko ura falta da. Informazioarekin gauza bera gertatzen da. Albistez gainezka bizi gara eta zaila da edangarria eta kutsatua bereiztea. Azkenaldian begi bistan geratu da hondamendi baten aurrean tentuz hautatu behar dugula informazioa, eta argi izan beharko genuke «herritarren kazetaritza» izendatu duten horrek egiazkotasunik eza eta helburu bat duela beti.

Sunsundegui, Sakana aldeko funtsezko enpresa, bere historiako unerik txarrenetako bat igarotzen ari da. Konponbidearen alde bultza egin beharrean, bada kasu honetan giroa nahasteko asmoz dabilenik. Enpresarentzat inbertsioa lortzeak Sakana hondamendi sozial batetik salbatu dezakeela jakinda ere, demokratikoki aukeratutako lan-batzordeko kide baten profil politikoaren berri ematea erabaki dute zenbaitzuek, baina kalte handia eragin dezaketelarik. Hedabideak funtsezkoak dira gizarte demokratikoetan. Informazio manipulatu, interesatu eta faltsuek bazterrak nahastea dute helburu, eta, hala, azken boladan zabaltzen ari den antipolitikaren aldeko sentimenduak areagotzen dituzte. Hondamendiek kazetaritza eta politikaren beharra dute konponduak izan ahal izateko eta horren aurka egiten dutenek izaera demokratikotik urrun diren gizarteak eraikitzea dute asmo bakarra.