Iñaki JAUREGIALTZO BEITIA «Jaltzo»
KOLABORAZIOA

Umandi, izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal 1902ko uztailaren 16an jaio zen Araiako herrian eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko mendi baten izena erabili zuen idazlanak sinatzeko. «Nire izena Poliziaren fitxategian zegoen eta ez zen posible gramatika neure izenarekin argitaratzea».

Lehen urteak gogorrak bizi izan zituen, gerrak harrapatu eta erbestera joan beharra. Parisen eta Baionan urte mordoxka egin ondoren, Gasteizera itzuli zen Miren Terese bere arrebaren etxera, beti lagun eta laguntzaile izan zuena. “Gramatica vasca’-n «Bizian zehar benetan maite izan naun nire arreba kutunari», idatzi zuen Umandik. Etxe erdaldunetan jaio ziren anai-arrebak; hala ere, gazterik ohartu ziren bere herriaren sustrai euskaldunez, eta euskararen irakaskuntzari lotu ziren.

«Gure hizkuntzaren berpizteak benetan arduratzen zuen. Bere jakintza ereitea zen. Bere ametsa Euskal Herria euskalduntzea», idatzi zuen bere arrebak. Irakaskuntzaren beharra, hala ere, euskaraz bideratutako irakaskuntza, euskaraz pentsatzeko eta euskaraz jarduteko euskaldunak xede, horretan bere bizitza eman zuen lanean. Hizkuntza eta herria josi-josita daudela adierazten du bere lanaren hitzaurre batean; beraz, euskaldun guztien eginbehar nagusiena euskaraz egin, ikasi, goratu eta zabaltzea izan behar duela diosku.

Euskara biziberritzea xede “Gramatica vasca” idatzi zuen 1955. urtean: euskara ikasi eta irakasteko metodoa. Umandi erbestetik Gasteizera itzuli zenean, liburu hau hainbat ikasle ilustre eta esanguratsuk eskuetan izan zuten Gasteizko Udaberria euskaltegian, Andoni irakasle zutela.

Euskara irakasten eta idazten jardun zuen hil arte. “Gentza Bearean” eleberriaren aitzin solasean idatzi zuen: «Nire lerroak josteko darabildan euskarak herrikoia izan nahi du, edo jatorra izan daitekeen haren hurbil bederik ibiltzea, gure euskalki guztien jokaeretan dantzatzen, guztiak nireak eta ororenak direlarik; eta horregatik hain zuzen, egokia izan daitekeen batasunerako, guziak ere aintzakotzat hartu ta erabili behar direla ustean».

Hona hemen bere idazlanak: “Gramatica vasca” (1955), “Gramatica vasca, Modismos- Vocabularios-Clave de Temas” (1959), “Euzkal-Betekizunak” (1977), arestian aipatutako “Gentza-Bearean” (1985), “Euzkadiren ebazkizuna” (1985), “Euzkal eliztia” (1989), “Goi-yakintzaruntz urbiltzeko nayean, euzkeraz egindako urats txikiak” (1993), “Asmo Hiztegia I” eta “Asmo Hiztegia II”.

Miren Teresek, neba atxilotu, espetxeratu, Huescara bidali eta azkenean iparraldera ihes egin zuenean (1951), Andoniren lekukoa hartu eta Gasteizko San Antonio kalean bere etxean euskara eskolak ematen jarraitu zuen. Ikastolen hazia ereiteari ere ekin zion, horren adibide Izaskun Arrue andereñoari prestakuntzan laguntzea eta Donostian Elbira Zipitriaren jarduera ezagutzeko aukera ematea. Euskara herrikoia maite zuen, eta bizitza osoan euskararen alde egin zuen lan eskerga azpimarratu behar da.

Andoni eta Miren Tereseren lekukoa, 70eko hamarkadan Araban ikastolak sortu zuten guraso belaunaldiak hartu zuen, eta harena izena eramango duten bi ikastola sortu ziren 1975ean Gasteizen (gaur egun Umandi ikastetxe publikoa) eta bere herrian 1976an Andoni Urrestarazu «Umandi» ikastola, egun Araia Herri eskola. Guraso hauen ausardia ezinbestekoa izan zen, ez zekiten umeek titulazioa izango zuten edo ez, zer gertatuko zen haur haiekin; hala ere, etorkizuna euskaraz izango zela apustu egin zuten.

Euskararen biziberritzean guztion eskuak behar dira. Laster Euskararen Nazioarteko Eguna izango dugu eta udaberrian, Euskaraldia, aukera paregabeak euskara bizi, gozatu, erabili eta ikasten jarraitzeko.