Marta Paço: itsasoa Inoiz ikusi ez duen munduko surflari onenetakoa
Surflari hoberena olatuez gehien gozatzen duena dela esan ohi da. Paço portugaldarrak ez du inoiz itsasoa ikusi, jaiotzez itsua baita, baina olatu artean zoriontsua da. Munduko surf txapelketetan lehiatzen da eta emaitza onak eskuratzen ditu.
Nola azaldu olatu bat zer den inoiz itsasoa ikusi ez duen norbaiti? Jaiotzez itsua den norbaitek ez du erreferentzia fisikorik eta eskuekin ukitzen duena irudikatzeko ere ez du irudirik, ez baitu inoiz ezer ikusi. Marta Paço surflari portugaldarrak itsasoa irudikatzeko modu berezia du, jaiotzez itsua denez, ez baitu inoiz itsasoa ikusi.
Euskal Herrian badira surflari itsuak. Esate baterako, Aitor Francesena zarauztarra munduko txapelduna da itsuen modalitatean, baina Francesena jada heldua zela geratu zen itsu; beraz, olatuen funtzionamendua ezagutzen du. Sekulako meritua du egiten duenak, ikusteko gaitasuna dugunontzat ezinezkoa litzakeena egiteko gai baita, baina berak ere aitortzen du itsasoa inoiz ikusi gabe surf egitea zailagoa dela.
Sortzetiko itsutasuna duenak ez du inoiz ingurunearen formak eta portaerak ikusteko aukerarik izan; hortaz, olatuen funtzionamendua hautemateko egin dezakeen gauzetako bat urez betetako ontzi batean sortzen diren uhinak hatzekin ukitzea da. Eskala txikian olatu-igerileku bat simulatu dezake eta, modu horretan, uhinak nola mugitzen diren senti dezake. Horixe da olatuen portaera ulertu nahi duten pertsona itsuek egiten dutena.
Itsuek espazio-kontzientzia garatzen dute, baina inoiz ez da ikusmen-urritasunik ez duten pertsonena bezalakoa. Hortaz, olatu batek itsasoan zehar nola bidaiatzen duen irudika dezakete, haien erara, baina hori olatu baten sorreraren lehen urratsa da; haustura-prozesuaren mekanika irudikatzea are zailagoa da.
Olatuen forma konplexua da, baita ikusmen urritasunik ez dugunontzat ere: olatu batzuk borobilak dira, besteak etzanak, besteak haize olatuak dira... Urteak behar izaten ditugu olatu mota bakoitzaren izaera ulertzeko eta, hala ere, inoiz ez gara olatu mota guztiak ulertzera iristen, olatu bakoitza desberdina baita.
Sortzez itsua den norbaitek forma horiek guztiak ukimenarekin eta entzumenarekin osatu behar ditu, inongo erreferentziarik gabe. Ondorioz, ez da gehiegikeria surflari itsuak munduko surflari hoberenak direla esatea, desgaitasun fisikoak dituzten pertsona guztien artean surf egiteko zailtasun gehien dutenak pertsona itsuak baitira.
MARTA JORDÃO PAÇO
Viana do Castelon (Portugal) 2005eko urtarrilaren 7an jaio zen eta jaiotzez itsua da. Munduratu zenetik ura maite zuen; zortzi hilabete besterik ez zituela hasi zen igerian. Geroago, zaldiketa terapeutikora salto egin zuen, eta artean goalballean ere jokatzen zuen.
Goalballa ikusmen-urritasuna dutenentzat berariaz sortutako kirola da. Hiru jokalariko bi taldek parte hartzen dute eta kaskabiloekin soinua ateratzen duen baloiarekin jokatzen dute. Jokalari bakoitzak bere atea gorde behar du eta bestearenean baloia sartzen saiatu behar du. Entzumen gaitasunean oinarritzen den kirola denez gaitasun espazial handia eskatzen duen jokoa da, une oro baloia non dagoen jakiteko entzumenaz bakarrik baliatzen baitira.
Kirolaren bitartez gaitasun desberdinak garatu ahal izan zituen Paçok eta gerora oso lagungarri izan zaizkio surf egiteko ere. Surfa 2017. urtean deskubritu zuen, 12 urte zituenean. Bere amak taberna zuen Cabedeloko hondartzan eta bertan biltzen ziren Viana Surf Clubeko kide eta entrenatzaileak. Hain zuzen ere, entrenatzaileak izan ziren surfa probatzeko erronka bota ziotenak.
Lehen saiakera egin zuen egunetik gustatu zitzaion surfa Paçori eta jarraitzea erabaki zuen. Ia oharkabean surf egiten ari zen, eta pixkanaka erregularki surf egiten hasi zen. Horrela, Tiago Prieto entrenatzailearen laguntzarekin lehiaketetarako entrenatzen hasi zen eta denbora gutxiren buruan lehiatzeari ekin zion. «2017ko egun hartatik, surfak nire bizitza hobetu du alderdi askotan: fisikoki, mentalki eta sozialki. Egun ez dut nire bizitza surfik gabe irudikatzen», aitortu zion Paçok Surfertoday atariko erreportariari.
CABEDELOTIK MUNDURA
Viana do Castelo Portugalgo iparraldeko kostaldeko hiri lasaia da, eta tradizio handia du surfaren eta bodyboardaren praktikan. Horren adierazgarri da sasoi batean Portugalgo Surf Federazioaren egoitza han zegoela. Bertako hondartza Cabedelo da, hondartzaren alde batean dagoen olatu-horma batek babestutako hondartza ezaguna. Haizeak gogor jotzen duen lekua denez, windsurf eta kitesurf egiteko leku egokia da, eta bertan mundu mailako ekitaldi eta txapelketak egiten dira.
Cabedelo da Paçoren hondartza kuttuna, han hasi baitzen surfean, eta han entrenatzen baita. 2019tik astean lau, bost edo sei aldiz itsasoratzen da, eta gehienetan ur hotzetan, Portugalgo kostaldean ura hotza baita. Beraz, itsasoarekiko maitasunaz harago diziplina handia ere baduela erakutsi du.
Hasieran urduri jartzen zen Paço lehiaketetan, baina pixkanaka tentsio hori gainditzen joan eta emaitza onak eskuratzen hasi zen. Surf lehiaketek mundu osoan zehar eraman dute eta nazioarteko txapelketetan emaitza onak lortu ditu. Esaterako, aurten bere laugarren urrezko domina irabazi du Surfing ISArako Munduko Txapelketan, AEBetako Huntington Beach hondartza mitikoan.
TALDE LANA
Surflari itsuak laguntzaile baten beharra du olatuak hautatzeko; beraz, entrenatzailearen lanak berebiziko garrantzia du, berak emandako informazioaren arabera denbora errealean nabigatu behar baitu surflariak. Horretarako entzungailuez baliatzen dira surflari itsuak. Hau da, kaskoari itsatsita entzungailu bat du Paçok eta entrenatzaileak urrunetik ematen dizkion jarraibideak entzun ahal ditu. Tiago Prieto entrenatzailea eta Marta beti elkarrekin itsasoratzen dira, baina hau dio Paçok: «Nire entrenatzaileak surfean aritzeko jarraibide guztiak ematen dizkit, ahalik eta independentzia handienarekin surf egin ahal izateko».
Olatu bat hartu eta zutik jartzea zaila da, baina pertsona itsu batentzat zailena leku egokia aurkitu eta bertan mantentzea da. Denbora zehatz kudeatu behar da, erreferentziarik gabe korronteek norantz eta zenbat mugitzen duten asmatu behar baita. Edozein surflarirentzat olatuak iristen direnean urautsitik ahalik eta gertuen egotea zaila bada, pertsona itsu batentzat izugarri zaila da; horregatik da ezinbestekoa entrenatzailearekin informazio truke eraginkorra izatea.
Ahalik eta hobekien elkar ulertzeko ahozko kode multzo bat garatu zuten. Hortaz, talde-kirola edo surfa tandemean egitea bezalakoa da, baina entrenatzailearen laguntza fisikorik edo kontakturik gabe, lehiaketetan Paço eta bere aurkariak bakarrik baitaude uretan.
Bestetik, surfaz harago baditu bestelako proiektuak Marta Paçok eta beste pertsona itsuak ere surf egitera animatu nahi ditu. Azaldu duenez, bere helburua «ez da soilik domina lortzea, baizik eta surfean hobeto aritzea, olatu hobeak hartzea eta jendeari zer egin dezakedan erakustea». Surfean ari ez denean, Paçok irakurtzea, podcastak entzutea eta beste batzuk bere istorioarekin inspiratzea du gustuko. Horrez gain, Lisboan Politika Zientziak eta Nazioarteko Harremanak karreran matrikulatu zen, noizbait gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiteko asmoa baitu.