Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LAS CHICAS DE LA ESTACIÓN

Errealitate gordin baten isla

Adingabeen zentro bateko hiru nerabe dira benetako gertaeretan oinarritutako kontakizun honetako protagonistak: Jara, Alex eta Miranda. Ez dute inoiz familiaren maitasunik izan, eta ia beren kabuz bizi direla esan daiteke.

Jararen urtebetetze egunean, eta kontzertu batera joateko dirua biltzeko helburuz, adin txikikoen prostituzioaren mundu ilunean barneratuko dira.

Morbotik ihes egiten duen eszenaratzea baliatuz, Juana Maciasek gure gizarte sisteman egiturazkoa den arazo bati heldu dio.

Istorio osoa hiru nesken ikuspuntutik azaltzea erabaki narratibo egokiena iruditzen zait, hori da filmaren euskarri nagusiena. Originaltasuna, benetakotasuna eta hunkiberatasuna eransten dio gidoiari. Salua Hadra, Julieta Tobío eta Maria Steelman aktore hasiberrien lana oso nabarmena da; miresgarria da aktore gisa egiten duten lehen lanean, honelako naturaltasunez, freskotasunez eta sentsibilitatez beteriko antzezpen lanak oparitzeko gaitasuna izatea.

Pelikulan ohiko klixe gehienak topatuko dituzu. Ez da bereziki berritzailea, baina hautu artistiko interesgarri batzuk gailentzen dira. Hasteko, zinemagileak, indarkeria planotik at kokatzen du, erasoen adierazpen esplizituari erabateko arbuioa adierazten dioten elipsien bidez. Tonu hotzak eta plano itxiak protagonisten zapalkuntza eta ihesbiderik eza azpimarratzeko erabiltzen ditu. Soinu bandaren erabilera ere berezia da: benetakotasuna gehitzeaz gain, babesgabetasun giroarekin erabat konektatzen du. Hari narratibo gisa ere funtzionatzen du, protagonistek begiratzen duten ispilu modukoa baita; biziraupenaz, errespetuaz edo indarkeriaz diharduten letrak dituzte.

Ahultasun narratibo batzuk dituen arren, irmoki gomendatzen dudan lana da. Esperientzia bizia eta gogoetatsua.