J.S.
BILBO

Euskal Herria, Europako hizkuntza gutxituen topaleku

Bilboko Itsasmuseum aretoa Europa osoko hizkuntza gutxituen topaleku bihurtu zen azaroaren hasieran, bertan egin baitzen Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen (ELEN) 2024ko batzar nagusia.

Kontseiluak antolatu du aurtengo Europako hizkuntzen sarearen batzarra, Eusko Jaurlaritzaren, EITBren, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.
Kontseiluak antolatu du aurtengo Europako hizkuntzen sarearen batzarra, Eusko Jaurlaritzaren, EITBren, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2024ko batzar nagusiak «larrialdi linguistikoari buruzko ebazpena» onartu zuen aho batez. Elin Haf Gruffydd Jones ELENeko presidenteak, Davyth Hicks idazkari nagusiak, eta Idurre Eskisabel presidenteorde eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri zuten adierazpena.

«Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu den zantzuak agerikoak dira azken urteetan. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen doan arren, hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak», azaldu zuten. Hori guztia aintzat harturik, «euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi zuten.

Ahultasun hori agerian uzten duten gertakarien artean, iaz plazaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako datu batzuk ekarri zituzten gogora: «Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apalduz doa oraindik, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, Euskal Autonomia Erkidegoko gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago direla».

Datu bat nabarmendu zuen sareak: hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak». Ahultasun horrek euskararen eta euskal hiztun komunitatearen estatusarekin duen loturan jartzen du fokua, euskararen ofizialtasuna ukatuta baitago euskararen lurraldeko eremu zabal batean, «Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroako zati handienean».

Euskara hizkuntza ofizialetako bat den eremuan, halaber, «euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren» ebazpen judizialak aipatzen ditu ELENek. «Oldarraldi horrek badu dimentsio politiko eta mediatikoa ere, eta, tamalez, euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugaritu egin dira, adostasun sozial zabala urratuz», adierazi zuten sareko ordezkariek.

Euskararen normalizazioak, gainera, beste erronka bat du aurrean, globalizazioarekin lotuta. Azaldu zutenez, «mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio biziberritze prozesuari». Horren ondoan, bizitzaren digitalizazio eta merkantilizazioak marrazten duten agertoki berrian jarri dute begirada: «Globalizazioren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak, are eta zaurgarriago».

ETORKIZUNERA BEGIRA

Hala eta guztiz ere, larrialdi linguistikoari buruzko ebazpena urrats sendo berrien abiapuntua izatea nahi duela azaldu zuten ELEN sareko ordezkariek, eta «ez arrangurarako deia».

Auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea da helburua, eta deia «instituzio, agintari, eta, oro har, eragile politiko eta sozialei» helarazi zieten. Herritarrei, berriz, «euskararen normalizazio eta biziberritzea lehentasunezko ekinbidetzat hartzea» eskatu zieten, «egun zeharkatzen gaituzten osterantzeko larrialdi sozial eta politikoak bezala» euskararen egoera ere «konpromiso zibikoen» artean egon dadin.

Adierazpen honek ekarriko dituen urrats berriez galdetuta, Eskisabelek aipatu zuen ELENek bere lanarekin jarraituko duela, hizkuntza komunitate ezberdinekin eta arlo ezberdinetan hainbat lanketa eginez, eta zehaztu zuen ekinbide juridiko bat dagoela abian bai Estatu espainolean zein kanpoan gertatzen ari diren oldarraldi juridikoei aurre egiteko.

Gogoetak partekatzea eta ekinbide berriak diseinatzea izango da hurrengo urratsetako bat. «Euskal Herriari eta euskalgintzari dagokionez», azpimarratu zuen adierazpen horren helburua ez dela «inola ere arrangura horretan geratzea, ezta atzera begira jartzea, ezta ardurak edo erruak» bilatzea ere. «Uste dugu halako prozesuetan atzera eta aurrera eramaten duten faktoreak konplexuak, askotarikoak eta, gainera, aldakorrak direla, eta gaur dugun egoera honetatik abiatu eta aurrera begirako lanketak nola egin izango da proposamena», gaineratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskalgintzako eragileen artean gogoeta sakon bat egitea izango da lehen ariketa, eta gaiari «benetan lehen mailako jauzi politiko moduan heldu behar diogu, hau da, guztion arduretan kokatzea da lehendabiziko urratsa», azpimarratu zuen Eskisabelek.



50 milioi hiztun Europako 25 herrialdetan

Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarea (European Languages Equality Network) nazioarteko erakundea da, eta 175 erakunde kidek osatzen dute gaur egun, Europako 25 herrialdetan, Iberiar penintsulako hizkuntza guztiak barne. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 50 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europar Batasuneko biztanleriaren ia %10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea du helburu.

Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen aldeko eragile sozialen bilgune nagusia, ELEN sarearen sorreratik da kide eta lehendakariorde.

Kontseiluak izan du aurtengo Batzar Nagusia antolatzeko ardura, Eusko Jaurlaritzaren, EITBren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin. Horretarako, ekainean sarearen zuzendaritza batzordeko bileran parte hartu zuen, Bartzelonan.

Batzar Nagusia da erakundearen bilgune gorena eta ikerketa eta lan ildo berrien aurkezpenerako, eztabaidarako, zein Europa mailan hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazioan eragiteko proposamen eta politika berrien alde akordioak lantzeko espazioa izan ohi da batzarra. J.S.