Nafarroaren Egunean burujabetza aldarrikatu du Foro Elkartuk
Nafarroaren Egunaren testuinguruan, Sarasate pasealekuko Foruen Monumentupean elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek, Foro Elkartu taldearen deialdiari jarraiki.
Azken 25 urteotan Orreaga Fundazioak antolatu izan du ekitaldia bertan, baina aurten, jakinarazi zuenez, erreleboa eman beharrean izan da antolaketa aurrera eramateko giza baliabiderik ez zuelako. Fundazioak jakinarazi zuen «erabaki tristea» izan dela beraientzat, baina hartu beharrekoa. Bi arrazoi nagusi aipatu zituzten, kide batzuen egoera pertsonala eta belaunaldi arteko transmisiorik eza.
«Hemen dator gure autokritika, herritarren zati horrekin konektatzen ez jakiteagatik. Izan ere, lanerako prest dagoen jendea badago, gure identitatearen defentsa eta memoria historikoa berreskuratzeko lan egiten duena», zehaztu zuen. Hala ere, geldialdi honen ostean lanean segituko duela iragarri zuen, etorkizunean berrindartzeko asmoz.
Gauzak horrela, sortu berri den Foro Elkartu delakoak bete zuen atzo hutsunea, burujabetzaren aldeko elkarretaratzea eginez. Honen inguruko eztabaida sustatzeko lanari ekin zion talde berri honek, eta, besteak beste, Legebiltzarrean izan zen joan den apirilean, Foru Hobekuntzaren balizko aldaketari buruz abiatutako prozesuan bere ekarpena egiteko.
«Nafarroaren subiranotasun politikorako topagune eta eztabaidagune plural» gisa definitzen du bere burua Foro Elkartu delakoak. «Gure burujabetasunaren alde» izan zen atzo Iruñeko mobilizazioa deitzeko erabilitako leloa.