Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
POR DONDE PASA EL SILENCIO

Isiluneen zirrikituetan

Denbora luze baten ostean, Antoniok Sevillako probintzian dagoen Ecijara itzuli beharko du. Han, familiarekin eta Javier anaia bikiarekin topo egingo du. Desgaitasun fisikoa du Javierrek, eta bere laguntza beharko du. Antoniok erabaki zail bati aurre egin beharko dio: geratu eta etxekoei lagundu, edo kanpoan eraiki duen bizimodura itzuli.

“Por donde pasa el silencio’’ filmak, bi anaien arteko berrelkartzea deskribatzeaz gain, zenbait gai jorratzen ditu: desgaitasuna, lana, homosexualitatea, familiako tentsioak eta familian sortzen diren isiluneek duten pisua, besteak beste.

Drama eta protagonisten umorearen arteko tonuaren baitan mugitzen da istorioa; umorea egoera tragikoetatik babesten dituen maskara gisa erabiltzen dute, maila emozionalean gehien eragiten dieten gaiak arinki jorratu dituztelako orain arte.

Kontakizunaren benetakotasuna oso sendoa da, eta bereziki bi alderdik indartzen dute hori: dokumentaletik gertu dagoen narratibak eta aktoreek egiten duten lan apartak.

Isiluneekin emozioak transmititzeko gaitasun nabarmena du. Isiluneek eta pertsonaien aurpegietan oso gertu kokatzen diren enkoadraketek konexio emozionala elikatzen dute; keinuek eta begiradek hitzek baino gehiago transmititzen dute. Estilo horrek, eta lurrarekin duen batasunak, Elena Lo-pez Riera edota Carla Simon bezalako egileen zinema gogorarazten du; eguneroko xehetasunei arreta eskaintzen dien moldea erabiltzen du Romerok.

Sandra Romerok opera prima oso txukuna osatu du; ahots narratibo berezia eta etorkizun handia duen zuzendari baten etorrera iragartzen duen lana da. Kolpeekin ukitu eta laztanekin urratuko zaituen filma.