Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
EUSKAL DERBIAK

Sadarreko gol festa, puntu banarekin amaitu da Osasuna eta Alavesentzat

Babazorroek sartu zuten lehen gola partida hasi eta berehala. Bigarren zatian, berriz, gorritxoak aurretik jarri ziren markagailuan Budimirren eta Ruben Garciaren golei esker. Gero, baina, partida berdintzea lortu zuen Gasteizko taldeak. Kike Garcia jokalariak sartu zituen Alavesen bi golak.

Osasunaren eta Alavesen arteko lehiako une bat, Sadarren.
Osasunaren eta Alavesen arteko lehiako une bat, Sadarren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gol festa izan genuen atzo Sadarren Osasunaren eta Alavesen arteko euskal derbian. Partida bizia, erritmo handikoa, eta joan-etorri askokoa jokatu zuten bi taldeek. Lehenengo zatian Alaves izan zen nagusi; bigarrenean, berriz, Osasuna, nahiz eta Alavesek ere izan zituen momentu onak. Azkenerako, puntu bana eraman zuen Sadarretik talde bakoitzak, eta biek ere laugarren partida dute jarraian hiru puntuak bildu ezinik. Badago idatzita ez dagoen lege bat futbolean: zure taldean jokatu duen jokalari batek zure aurka jokatzen duenean, gola egiten du. Bada, atzo, Kike Garciak bat ez, bi gol egin zizkion Osasunari.

Partida hasi eta berehala, 40. segundorako, Alaveseko aurrelariak lehen gola egin zuen. Osasunako jokalariek ez zuten aukerarik izan baloia ukitzeko. Martinek erdiraketa bikaina ipini zion Kike Garciari, eta azken horrek, bere gorputza lurrera botaz, buruz errematatu zuen markagailuan aurretik jartzeko.

OSASUNA ESNATU EGIN ZEN

Vicente Morenoren jokalariak kokatu ezinik ibili ziren lehen zatian, hein handi batean Alaves ondo kokatuta zegoelako zelaian. 33. minutuan Kike Garciak beste gol ikusgarri bat sartu zuen, baina jokoz kanpo zegoen.

Bigarren zatian Osasuna esnatu egin zen, eta taldearekin batera, Budimir golegilea. 52. minutuan, Catenak aukera paregabea izan zuen partida berdintzeko, Aresoren erdiraketa baten bitartez, baina Siberak geldiketa bikaina egin zuen, baloia kornerrera bidaliz. Korner horretan, baina, iritsi zen gorritxoen gola. Ruben Garciak erdiratu zuen baloia, Catenak errematatu zuen, eta hortxe zegoen prest Budimir baloia sareetara bidaltzeko. Hamargarrena du denboraldi honetan. Ia bigarrena ere egin zuen Osasunako jokalariak 56. minutuan, baina jokoz kanpo zegoen.

60. minutuan iritsi zen Osasunaren bigarren gola. Ruben Garciak area ertzean jaurtitako faltak giza harresian jo zuen eta, zorte pixka batekin, sareetara joan zen baloia. 2-1 nafarren alde. Segituan erreakzionatu zuten Eduardo Coudeten jokalariek, ordea. Berriro ere Kike Garcia izan zen. Carlos Vicentek erdiraketa bikaina egin zuen, eta bigarren zutoinean lurrera botata, sareetara bidali zuen baloia Alaveseko aurrelariak. Bost gol daramatza Garciak.

Berdinketarekin konformeago zegoen Alaves Osasuna baino. Gorritxoek izan zituzten aukera garbienak partida irabazteko, baina Sibera handi batekin egin zuten topo behin baino gehiagotan.