GARA
DURANGO

Nakar, Anestesia, Sune eta Dupla, besteak beste, 40 Minutu Rock jaialdian

Otsailaren 15eko hitzordurako kartela iragarri du 40 Minutu Rock jaialdiak. Aipamen berezia egingo die beren ibilbidearen amaieran diren Hatortxu Rock eta Lasterbidean elkartasun jaialdiei.

40 Minutu Rock jaialdiaren iazko irudia.
40 Minutu Rock jaialdiaren iazko irudia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

40 Minutu Rock elkartasun jaialdiak aipamen berezia egingo die otsailaren 15ean Hatortxu Rock eta Lasterbidean elkartasun jaialdiei. «Lehenaren kasuan, Nafarroan errotuta, 25 urteko ibilbide oparoa egin du, eta euskal musika jaialdi handiek non begiratu izateko erreferentzia bihurtu da urteen poderioz. Lasterbideanek, bere kasuan, Euskal Herriko 10 herri zapaldu ditu 10 urtetan, elkartasuna bazter guztietara zabaldurik, lasterketa bat baino gehiago bihurtu da», adierazi zuten sustatzaileek. «Bide batzuk amaitu dira, baina indarrak ez dira agortu. Horregatik, 40 Minutu Rockek edizio berrian bide berri bat irekitzeko abiada hartuko du. Bide horiek norabide bat dute: Askatasuna. Urte hauetan herriak herriarentzat egin duen lanetik sortutako ‘bidetik, berriak sortu direla’ azpimarratu gura dugu», gaineratu zuten. La Txama talde gipuzkoarrak 2025eko ediziorako egindako abestiko esaldia da hori.

Bi agertoki jarriko dira Landako gunean. Batetik, Gune Nagusian arituko diren musikariak hauek dira: Nakar, Anestesia, Sune, Tatta & Denso, TOC, Añube, La Txama, Pinpilipussies, Dupla, Kaleko Urdangak, Chuleria Joder, Sukena eta Inquisicion. Karpan, berriz, Pelma & Luis Selektorrak, Fito Skins, Maruxak, Ganibet eta DJ Pezonen parte hartzea iragarri da.

Sarrerak eskuragarri daude online, BIBE atarian. 20 euro balio du aurrez erosita. Egunean bertan, 25 euroko prezioa izango du. Euskal Herriko puntu desberdinetan ere jarriko dira sarrerak salgai; aurrerago argitaratuko direnak.

Jaialdiak dei zabala egin dio euskal musikaz, musika aldarrikatzaileaz eta jai giro sanoaz gozatu nahi duen herritar orori: «Herria bide berriei ekiten ari den garaiotan, elkarrekin ekitea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da».