Aldai edo Zabaleta, Lau eta Erdiko erregina
Amaia Aldai Dimako pilotaria faborito garbia da igandean Sestaoko Las Llanas pilotalekuan Emakumeen Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa laugarren aldiz irabazteko. Laugarren txapela jarraian izango luke 24 urteko pilotari bizkaitarrak, eta, irabaztera irabazi ahala bakarrik ohitzen delako, Aldai izango da berriz ere txapela janzteko hautagai nagusia. Hala adierazi zuten atzo igandeko protagonista biek finaleko aurkezpenean.
Goiuri Zabaleta, 15 urteko pilotari gaztea izango du aurrean Aldaik. Iaz ere elkarren aurka neurtu zituzten indarrak eta orduan dimoztarrak 22-13 menderatu zuen nafarra. Oraindik oso gaztea bada ere, Zabaletak urtebeteko eskarmentua berekin darama bigarren aukera honi heltzeko sasoian, nahiz eta onartu egungo txapelduna Amaia Aldai dela eta, ondorioz, faboritoa ere bizkaitarra dela.
«Ni presio nahiko gutxirekin kantxaratuko naiz, Amaia delako faboritoa. Ez da kasualitatea Amaiak dagoeneko hiru txapel izatea. Nire helburua, beraz, ahalik lasaien kantxaratu eta nire jokoa ateratzea izan behar da», esan zuen Leitzakoak.
Alde horretatik, ondo hasteari egundoko garrantzia eman zion Zabaletak. «Partida gogortu ahala tanto ilara handiak egitea kosta egiten zait. Ondorioz, ondo hastea ezinbestekoa izango da aukerarik izateko», gaineratu zuen.
GOZATU ETA GOZARAZI
Amaia Aldaik uda ostean pilota bertan behera lagatzea burutik pasatu zaiola aipatu zuen arren, igandeko finalera begira lasai ei dago. «Lan psikologiko handia eginda nator faborito izateak kalterik eragin ez diezadan. Lehen asko eragiten zidan, baina orain ezetz uste dut», adierazi zuen pilotari dimoztarrak. Nolanahi ere, txapela laugarrenez lortzearen aldean, «gozatzea» letra larriz markatu duen helburua dela azpimarratu zuen.
«Nire helburua, hasteko, kantxan gozatzea da eta ikusleei partidaz gozaraztea. Eta gero, bai, ahal bada, txapela irabazten ahaleginduko naiz», sailkatu zituen bere lehentasunak Lau eta Erdiko txapeldunak.