IMANOL CARRILLO
DONOSTIA
Entrevue
AXIER ENBIL
Asgarth taldeko abeslaria

«Etengabe pentsatzen ari gara nola hobetu, nola disfrutatu eta bizirik nola mantendu»

Ander Cañas eta Unai Zabalarekin batera, Axier Enbil da hasierako formaziotik irauten duen Asgartheko hirugarren taldekidea. Abeslaria bigarren gaztaroa bizitzen ari da Añorgako taldearekin, zeina 15 urteko etenaldiaren ostean estudioetara bueltatu zen, “Zeldatik” diskoa grabatzeko, eta baita oholtzetara ere. Azken honek “Zuzenean” lana ekarri du.

(Aritz LOIOLA | FOKU - ASGARTH)

 

Urratsez urrats. Halakoa da Asgarth talde heavyaren ibilbidea. 15 urteko etenaldiaren ondoren, musikara itzuli zen 2022an, eraberrituta, Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria gehitu zitzaizkiola. Boskoteak “Zeldatik” bosgarren diskoa grabatu zuen, jarraian oholtzetara salto egiteko. Denbora tarte horretan eskainitako kontzertu berezietako bat 2022ko maiatzaren 28an Añorgako Zine Zaharrean egindakoa izan zen. Handik atera da orain “Zuzenean” diskoa, hitzak berak esaten duen moduan, Añorgako taldeak zuzenean egin duen lehen lana.

«Olatuan» daudela aitortu du Axier Enbilek. Baina gauza ez da hor geratzen. Lehen diskoak 25 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko larunbat honetan kontzertua eskainiko dute Donostiako Dabadaban -sarrerak bukatu dira dagoeneko-. 2025ean estudioko bigarren diskoaren 25. urteurrenaren txanda izango da, baina joan gaitezen pausoz pauso...

Durangoko Azokan izan zarete «Zuzenean» lana aurkezten. Zer moduzko giroa?

Egia esan, oso gustura. Duela bi urte egon ginen beste txoko batean “Zeldatik” aurkezten, baina aurten Elkar-eko standean oso gustura. Toki handia dute eta jarraitzaile dezente gerturatu zen. Sareetan azaldu genuen zein ordutan egongo ginen, eta pozik. Ostiraleko giroa eromena izan zen; jende mordoa zegoen eta guregana jende dezente hurbildu zen. Elkar etxeak emandako datuak nahiko onak dira. Beraz, pozik gaude.

Nolakoa izan da zaleekin izan duzuen hartu-emana?

Jendea ilusioarekin zegoen, gu bezala. Jende asko gerturatu zen, larunbat honetan Dabadaban egongo dena. Polita izan zen berriz ere hori sentitzea, jarraitzaileen hurbiltasun hori, argazkiekin eta sinadurekin. Minutu pare bateko gertutasun hori aberasgarria da.

Diskoa Añorgako Zine Zaharrean grabatu zenuten 2022ko maiatzaren 28an. Nola gogoratzen duzue kontzertu hura?

Ilusio handiz. Baina, egia esaten badizut, urduritasun handiz ere bai. Nik neuk oroitzapen oso ona daukat. Egun osoa ederra izan zen: elkarrekin bazkaldu, Añorgako jendea berriro ikusi, hango lagunak kontzerturako berriz ikusi... Alde horretatik, ondo. Baina ni bereziki urduri nengoen oholtzara igotzeko. Disfrutatu, ez dizut esango ez nuela disfrutatu, baina oso urduri nengoela gogoratzen dut. Gero, bukatu zenean eta kontua nahiko ondo atera zela ikusita, lasaiago eta ondo.

Noski, hau zuen zuzeneko lehenengo lana da. Alde horretatik, urduritasuna normala izango zen.

Aitortu behar dizut ez zela bilatua izan. Lehenengoa eta berezia izanda, ez genuen argitaratzeko asmoz grabatu. Horrela suertatu zen. Egia esan, grabatu eta armairu batean sartu genuen. Denbora pasatu zenean, ikusi genuenean, esan genuen: ‘Hemen badago material bat nahiko polita, eta agian zerbait egin daiteke’. Gerora erabaki genuen zuzeneko moduan diskoa ateratzea. Hasiera batean guretzat egin genuen, oroigarri gisa.

Edizioaz eta nahasketaz Haritz Harreguy arduratu da. Ez da berarekin lan egiten duzuen aurreneko aldia. Nola izan da berarekin lan egitea?

“Zeldatik” diskoa berarekin egin genuen. Aspaldi ezagutzen dugu Haritz, eta beti genuen buruan berarekin zerbait egiteko ideia hori. Hirugarren diskoa Gor-ekin grabatu genuen, Esparza Galarreko Sonido XXI grabazio estudioetan. Oso gustura egon ginen eta “Garrasia” ere han grabatu genuen. Baina beti arantza hori genuen, Haritzekin zerbait egiteko ideia hori. Ezaguna dugu, laguna dugu. ‘Zeldatik’ gure autoprodukzioa izan zen, eta erabaki genuen: ‘Orain da momentua’.

Berarekin lan egin genuen lehenengo aldia ‘Zeldatik’ diskoan izan zen, eta nik uste dut ez dugula aldatuko [barrez]. Profesionalki, oso-oso ondo. Gustua ematen du Haritzekin lan egiteak, eta pertsonalki, are gehiago. Argi genuen “Zuzenean” diskoak bere eskuetatik pasatu behar zuela. Grabazioa mahaitik egin genuen, eta gero Haritzek magia egin du. Jarri du dena bere tokian, garbitu ditu pista guztiak. Sekulako lana egin du eta emaitzarekin oso pozik gaude.

Gabon hauetan zuen zaleek beste bi sorpresa izango dituzte. Izan ere, lehen bi diskoak (“Jainkoen egoitza” eta “Etorkizunaren sustraia”) birmasterizatu dituzue.

Bi disko hauek IZ diskoetxearen menpe zeuden, baina desagertu zenean Elkar-ek erosi zituen. Beraz, hor zeuden, baina Elkar-ek ezin zuen ezer egin gure adostasunik gabe, eta beti geunden hitz egin behar genuela eta zerbait egin behar zela horiekin. Duela dezente desagertu ziren, bai fisikoan, bai eta plataformetan ere. Orduan, ikusita uda nahiko lasaia genuela, esan genuen: ‘Honi heldu behar diogu, forma eman eta Elkar-ekin adostasun batera iritsi’. Elkar-ekin hitz egin dugu eta gure asmoa zen bi disko horiek entzungai egotea plataformetan eta fisikoan. Hala, hobetutako bertsioak dira, bai soinu aldetik -Elkar-eko estudioko mahaitik igaro dira-, bai eta diseinu aldetik ere -Elkar-ek, bere diseinatzaileekin, buelta bat eman dio-. Jende askok eskatzen zigun, eta pozik, berriro esku artean eduki ahal izateagatik.

Lehen diskoaren 25. urteurrena dela-eta, kontzertu berezia emango duzue larunbatean, Donostiako Dabadaba aretoan. Sarrera guztiak erosita daude dagoeneko. Zer eskainiko duzue bertan?

Lehen diskoaren 25. urteurrena izanda, disko hori joko dugu osorik. Egia da, gainera, zuzenean gutxien jotzen dugun diskoa dela gaur egun. Abesti asko klaketa gabe daude, abesti bereziagoak dira. Nahiz eta sei abesti izan eta introa, disko osoa joko dugu. Guk beti esan dugu hori gure maketa zela. Gero gure diskoetatik ibilbidea egingo dugu, eta sorpresak ere egongo dira: bertsioak, irudiak... Nahi duguna da festa bat izatea. Azkenean ez dakizu nola asmatu. Esan genuen Dabadaban egitea tokia 300 pertsonentzakoa delako, eta gu normalean kopuru horietan nahiko ondo ibiltzen gara. Baina oraingoan motz geratu gara. Jende asko kanpoan geratu da, eta egundoko pena ematen digu. Espero dut horrek jendea animatzea beste kontzertuetara joateko.

Nola izaten ari da bigarren gaztaro hau?

Beste gazte batzuk gara [barrez]. Noiz edo noiz esan izan dut: nik orain gehiago disfrutatzen dut. Egia da gazteagoa zarenean beste abiadura batean bizitzen duzula dena eta ez duzu hainbeste disfrutatzen. Lehen, adibidez, buruan nituen 20.000 gauza, eta Asgarth zen horietako beste bat; orain mimo handiagoarekin egiten ditut gauzak, nik behintzat. Anderren [Cañas] eta Unairen [Zabala] kasuan ere horrela da, noizbait hitz egin dugulako horretaz. Erantzukizunaren zentzua handiagoa daukat ere, eta saiatzen naiz gauzak ondo prestatzen, nire burua eta ahotsa zaintzen. Lehen, adibidez, kontzertua izan edo ez izan, afaria zenuen lagunekin, eta parranda. Zentzu horretan, eroagoak ginen; orain lasaiagoa da, baina gehiago disfrutatzen dugu.

Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu batu zitzaizkizuen. Dagoeneko, badirudi bizitza osoa daramatela zuekin...

Eskarmentu handiko musikariak dira. Beraiekin lan egitea gozada bat da. Musikoak dira, letra guztiekin. Oso ondo egokitu dira taldera. Beraiek Asgarth ezagutzen zuten, zaleak ziren, eta trantsizio hori oso erraz egin digute. Azken diskoan haien aportazioa izugarria izan da; musikalki nola ezagutzen duten elkar... Taldeari beste dimentsio bat ematen diote.

Suposatzen dut larunbateko kontzertuak beste etapa bati amaiera emango diola. Zer eskatuko diozue 2025ari?

Bueltatu ginenean, esan genuen Asgarth zetorrela gelditzeko. 2025ari eskatzen diogu, itzuleratik gaur arte izan dugun ibilbidea behintzat mantendu ahal izatea. Eman dugu hilabetean kontzertu bat, hori baita batez ere beteranoek eskatzen genuena. Zorionez edo tamalez, beste betebehar batzuk ditugu familiarekin eta haurrekin, eta ezin diogu lehengo erritmoari eutsi. “Zeldatik” diskoa atera genuen, orain “Zuzenean” atera da. Uste dut Asgarth bizirik dagoela eta 2025ari eskatzen diogu bizirik jarraitzea. Gainera, “Etorkizunaren sustraia” bigarren diskoak 25 urte beteko ditu. Honekin ere zerbait pentsatu beharko dugu. Etengabe pentsatzen nola hobetu, nola disfrutatu eta Asgarth bizirik nola mantendu.

Eta bitartean astirik izan al duzue abesti berriak prestatzeko?

Talde bezala, buruan beti dugu zerbait berria eskaintzea. Egia da oraindik sentitzen dugula olatuan gaudela. “Zeldatik” eta “Zuzenean” diskoekin oraindik zer eskaini badugula uste dugu, baina, dudarik gabe, gure buruan badago abesti berriak egitea, uzten diguten heinean sortzen jarraitzea eta musika egiten disfrutatzea, hori baita helburu nagusia.