EDITORIALA

Utzikeria publikoak osasun pribatua elikatzen du

Osakidetzaren eta Osasunbidearen osasun adierazleek alde nabarmenak erakusten dituzte, Europako herrialdeetako datuekin alderatuta. Hala jasotzen du GARAk gaur argitaratutako erreportajeak. Nabarmentzekoa da, adibidez, ospitale oheen kopurua Europako batez bestekoa baino dezente txikiagoa dela, ia %40 gutxiago Osakidetzaren kasuan eta %25 gutxiago Osasunbidearen kasuan. Alde nabarmen horrek berehalako ondorioa bat dut: ospitaleetako batez besteko egonaldiak laburragoak dira Hego Euskal Herrian. Litekeena da ikuspegi mediko batetik aldeak azalpenen bat izatea, baina, zalantzarik gabe, ohe gutxiago izateak eragin zuzena du ospitaleratze denbora murriztean, eta, beraz, pazienteen arretan.

Bestalde, zifrek erakusten dute azpiegituretan zuzkidura txikiagoa izatea baliabideen esleipen txikiagoaren emaitza dela. EAEk osasunean BPGrekiko duen gastu publikoa Europako batez bestekoa baino ia bi puntu txikiagoa da (%6,5 eta %8,4, hurrenez hurren), eta Alemaniakoa (% 10,9) edo Estatu frantsesekoa (% 10,1) baino lau puntu txikiagoa. Hain alde handiak lotura zuzena du azpiegitura zuzkidura txikiagoarekin, nahiz eta litekeena den arrailaren zati bat osasun sistemen arteko beste desberdintasun mota batzuen bidez ere azaltzea. Izan ere, AEBetako osasun gastu publikoa bere BPGren ia %14ra iristen da, nahiz eta sistema batez ere pribatua izan. Hala ere, osasun gastua guztizko gastu publikoarekin alderatuz gero, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak gastatzen duten proportzioa Europako batez bestekoa baino ehuneko puntu bat handiagoa da (%15,8 eta % 14,7, hurrenez hurren). Proportzio handiago horren arrazoi bakarra zergak gutxiago biltzea da. Europako batez bestekoarekin alderatuta, EAEk duen presio fiskal baxua agerian geratzen da berriz ere atal honetan.

Baina ez da presio fiskal txikia bakarrik; kezkagarria da, halaber, gastu pribatuak gastu arrunt osoan duen pisu gero eta handiagoa, Europako batez bestekoa baino %12 puntu handiagoa. Presio fiskal txikiagoa eta azpifinantzaketa publikoa osasun pribatua elikatzen ari dira. Eta joera hori erabaki politiko baten ondorioa da.