Dauden tresnekin ahal den guztia egiteko borondatea
Euskal Herriko instituzioek, zatituta eta baliabidez justu, ez dute nahikoa indar egungo etxebizitzaren larrialdia iraultzeko. Hala ere, erabil daitezkeen tresna guztiekin ahal bezainbat egin behar dela ziurtatu zuten Telesforo Monzon eLab-ek antolatutako jardunaldietan. Borondate politikoa eta gizartearen aktibazioa behar dira horretarako.
Etxebizitza larrialdiak herritarrengan sortzen duen ezinegonaren erakusle, milaka pertsona batu ziren larunbatean Bilbon, besteak beste, botere publikoei neurri zorrotzagoak eskatzera, auzi hau negozioaren ikusmoldetik ateratzeko. Bada, gaiari erakundeen barrutik erantzuten ari zaizkien hiru ordezkari elkartu ziren atzo Donostiako Tabakaleran, Telesforo Monzon eLab-ek antolatutako jardunaldietan. Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea (EH Bildu), Lola Eslava Nafarroako udalgintzako EH Bilduren arduraduna eta Philippe Aramendi Urruñako auzapezarentzat (EH Bai), Euskal Herriko erakundeek eskumen apur guztiak baliatu behar dituzte, eta herri gisa jardun, egoera hobetu nahi badute.
EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egoeraren berri emanda, herrialdearen diagnosi osoa eskaini zuten hizlariek. Ez da zalantzarik, ezein lurralde ez da larrialdiaz libratzen, eta argi esan zuen Aramendik: neurririk hartuko ez bada, arazoa ez da sekula konponduko.
Jaurti zuten datu zaparradatik tanta batzuk berreskuratzeak balio du arazoari neurria hartzeko; adibidez: EAEn, lege espainolak zehazten dituen parametroak kontuan hartuta, 45 udalerrik jasoko lukete alokairuko eremu tentsionatua izateko izendapena -horietako bostek partzialki-, eta biztanleen %68, 1,5 milioi pertsona, bizi dira herri horietan. Azken urte eta erdian %46 gora egin dute Etxebide zerbitzu publikoan izena eman duten herritarrek eta 100.000 lagunen langa gainditu berri du etxebizitzari zuzendutako laguntzak ematen dituen zerbitzuak. Eskatzaileek, batez beste, familia unitateko diru sarreren %45 bideratzen dute etxebizitzara, nahiz eta gomendatzen den ahaleginak ez duela gainditu behar %30.
Egoera ez da askoz hobea Nafarroan: 2023 eta 2024 artean alokairuaren prezioak %6 gora egin du. Lupa erabiliz gero, izualdia ere biderkatzen da: Lola Eslavak aipatu zuenez, Baztanen %138 gora egin du prezioak 2018tik 2023ra eta, Burlatan, epe berean, %71. Gazteek, emantzipatu ahal izateko, soldataren %70 inguru bideratu behar dute etxebizitzara.
Ipar Euskal Herrian aspaldi da, espekulazioak lagunduta, etxebizitzaren larrialdia pairatzen dela, eta okerrera egin du azken urteetan, Urruñako auzapezak agertu zuenez: %130 igo dira egoitza turistikoak. Egun, Lapurdiko kostako eta inguruko 24 herri dira tentsio gune, baina arazoa barnealdeko udalerrietara ere zabaltzen ari dela ohartarazi zuen Aramendik, kostako herritarrek hara jotzen baitute, beraien herrietako prezioei aurre egin ezin dietelako. Hala gertatzen da Donostia eta Bilbo inguruko herrietan ere.
LAKUAREN INPLIKAZIO FALTA
Bi estaturen mendeko herrialdea izanik, Euskal Herrian ez da erraz etxebizitzarena bezalako arazoak irauliko dituzten neurriak hartzea, euskal instituzioek ez dutelako horretarako eskumen nahikorik. Aldaketaren akuilu izatea are zailagoa da udalentzat, eskumenak ez ezik, baliabideak ere falta zaizkielako sarri. «Panorama gordina da eta udalei tokatzen zaigu posibilistak izatea: dauden tresnak baliatuta, politika ahalik eraginkorrenak egin», aipatu zuen Errenteriako alkateak.
Udalerri honetan, Aizpea Otaegi eta bere taldea aitzindariak izan dira Etxebizitza lege espainolak eskaintzen dituen tresnak eskuratzen. Izapide guztiak eginda, eremu tentsionatu izendatzen lehen udalerria izan da Errenteria eta, horri esker, besteak beste, alokairuaren igoerari mugak ezartzeko ahalmena izango du. Askotan esan du Otaegik, eta atzo ere errepikatu zuen: honek ez dio konponbide magikorik emango etxebizitzaren arazoari. «Baina baditu indarguneak -zehaztu zuen alkateak-: berehalako inpaktua du eta merkatuan esku hartzeko aukera ematen digu».
Bere ustez, ez da komeni auzi honetan herri bakoitzak «irla» balitz bezala jokatzea, eta Nafarroaren formula hobetsi zuen: kolpe batean 21 udalerri tentsio eremu izendatzeko izapideak martxan jarri zituen Iruñeko Gobernuak, eta ez zituen udalak «zamatu»; EAEn bai, ordea. «Udalerriez gaindiko erakundeen lana ezinbestekoa da eta, zentzu honetan, Eusko Jaurlaritza interpelatu behar dugu argi eta garbi. Udalok egin dezakegun hori askoz eraginkorragoa litzateke Jaurlaritzak hartzen ez dituen erabakiak hartuko balitu. Eusko Jaurlaritzak esaten badu zein diren eremu tentsionatuak, zergatik eskatzen digu udaloi prozesu hori guztia egitea? Egin daitezke gauzak azkarrago eta izan daitezke eraginkorragoak», adierazi zuen Otaegik.
AKORDIOAK, HELBURURA HURBILTZEKO
2015ean aldaketa politikoa gauzatu zenetik, desberdinen akordio zabalak saiatzeko politika garatu du EH Bilduk Nafarroan, eta hala egin nahi du etxebizitzaren gaiarekin ere. «Ez da erraza, ez gaude, zentzu askotan, EH Bilduk nahiko lukeen tokian, baina gertuago bai», esan zuen Lola Eslavak.
Nafarroan, Contigo-Zurekin koalizioak kudeatzen du Etxebizitzaren Saila eta, Eslavaren esanetan, gaur-gaurkoz bi desberdintasun nagusi antzematen dituzte batzuen zein besteen proposamenetan. «Batetik, politika publikoen sakontasunean edo bideratu behar den baliabide kopuruan. Bestetik, landa eremuari buruzko ikuspegian. Hiriguneetan zentratuta ikusten dugu Gobernua, baina Nafarroako udalerrien gehiengoa landa eremukoa da: udalerrien %60 baino gehiagok 1.000 biztanle baino gutxiago ditu, eta badugu despopulatze arazoa. Tentsio eremu izendatuko diren 21 udalerrietan populazioaren %68 bizi da. Baina izendapena lortzetik kanpo geratu dira 5.000 biztanletik beherako udalerri guztiak; hauen egoera aztertu ere ez da egin. Guk aurrerago joan nahi dugu», azaldu zuen.
Iritsi nahi duen akordio zabal horren negoziaketan bost lehentasun aurkeztu ditu EH Bilduk: etxebizitza parke publikoa handitzea, merkatuan esku hartzea -adibidez, etxebizitza hutsen gaineko neurri fiskalak aktibatuz-, existitzen diren eraikinetan esku hartzea birgaikuntza sustatuz, gazteen emantzipaziorako neurriak aktibatzea eta etxebizitza eskubidea bermatzeko formula alternatiboak sustatzea, izaera publikoa eta komunitarioa duten proiektuen bitartez, kasurako.
JARRERA ALDAKETA
Philippe Aramendiren aburuz, badira bi baldintza ezinbesteko etxebizitzaren auziari konponbidea urratu nahi bazaio bete behar direnak: gizarte zibilaren aktibazioa eta borondate politikoa. «Mobilizazioa akuilua da hautetsiontzat, konturatzen baikara gure esku ditugula hainbat neurri», adierazi zuen.
Estatu frantsesak inposatzen duen zentralizazioaren ondorioz, eskumen apurrak besterik ez dira erortzen Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Herriko Etxeetara, baina kondar horietatik atera daiteke mamia, Urruñako alkatearen esanetan.
Hala, Philippe Aramendik aipatu zuen udalek duten tresna garrantzitsu bat dela Lur Antolakuntza Planoa, horren bitartez erabaki baitezakete zer lur gordeko diren etxebizitzak eraikitzeko, adibidez. Eta dokumentu hori baliatu daiteke, gainera, zehazteko etxebizitza proiektu batek zer portzentaje gorde behar dion etxebizitza sozialari.
EH Baik 2020an alkatetza eskuratu zuenetik, jarrera arras aldatu du herrian etxebizitzak eraiki nahi dituzten sustatzaileekin. Ordutik, Herriko Etxeak ezartzen ditu baldintzak: hamar etxebizitza baino gehiagoko proiektuetan, %70 etxebizitza sozialak izan behar dira, eta salmentan diren etxebizitzen prezioei muga ezartzen die. «Sustatzaileekin izan genituen lehen hitzorduetan esaten ziguten hau ez zela egingarria ekonomikoki. Bada, ezer ez, orduan. Hilabete barru itzultzen ziren, aukera berrikusi zutela esanez. Horrela aitzineratzen dira gauzak. Gaur egun hiru proiektu martxan ditugu baldintza horietan», azaldu zuen Aramendik.
Gainera, bigarren etxebizitzek eta espekulazioak eragiten dituzten problemei neurri indartsuekin erantzun diete Urruñako Herriko Etxetik. Batetik, bigarren etxebizitzen gaineko karga fiskala gorenera altxatu dute. Bestetik, eraikin oso bat erosi eta bertako pisuekin espekulatzea, ohiko praktika Ipar Euskal Herrian, debekatu egin dute.
Alta, halako neurriek talka egiten dute Konstituzio frantsesarekin, zeinak argiki babesten baituen jabetza eskubidea. Beraz, auzitegietan borrokan dira Urruñako hautetsiak, bigarren etxebizitzen gaineko karga fiskala gorenean manten dadin. «Burujabetza bagenu, gure araudiak egingo genituzke, eta halako neurriak aplikatu», aipatu zuen alkateak.
Bitartean, hala ere, ahal beste egin behar dela baieztatu zuten hiru hizlariek. «Mugak muga, eta zatiketak zatiketa, badugu herri gisa zer landu eta baditugu herri gisa jokatzeko eremuak. Garrantzitsua da etxebizitzarekiko begirada: espekulazioaren parametroetatik atera behar dugu. Eta zer garrantzitsua den gizarte zibila hor izatea, politika publiko ausartagoak egiteko», nabarmendu zuen Aizpea Otaegik.