Gotzon ELIZBURU BERISTAIN
Sortuko kidea
GAURKOA

Etxebizitza larrialdiari nola aurre egin?

Bi mila eta zortzian finantza burbuilak eztanda egin zuen. Hipoteka merkeen mozkorraldiak bestondo latza utzi zuen; besteak beste, jendarteko sektore zaurgarrietan etxe kaleratze masiboak eraginez. Ordutik, egoerak ez du askoz hobera egin. Izan ere, larrialdi egoera betean segitzen dugu. Egia da azkenaldian etxebizitza eskubide subjektibo gisa definitzen duten zenbait lege berri onartu eta abian jarri direla, eta horrek bide berriak urratzeko aukerak ireki dituela. Hori aztertu da, zehazki, aste honetan Telesforo Monzon eLabek antolatu duen jardunaldian. Ze ondorio atera dira bertan?

Hasteko eta behin, etxebizitzen prezioa eta soldaten igoera ez dira erritmo berean hazi azken urteetan. Etxe jabetzaren kultura sakon errotua daukagu gure jendartean, eta herritar askok, hipotekei aurre egin ezinda, alokairura jo dute... alokairua ere ia ezinezko bat bilakatu den arte. Hala diote datuek. 2016tik hona %27 egin du gora alokairuaren prezioak EAEn, eta gainontzeko lurraldeetan tendentzia oso antzekoa da. Alokairuan bizi denak, batez beste, soldataren erdia bideratzen du etxebizitza ordaintzera.

Zeintzuk dira aurrekoaren arrazoiak? Askotarikoak. Hemen ere, «gora begiratzea» komeni. Batetik, atzerriko inbertsio funts handien eragina izugarria izan da; etxe bloke osoak erosi, maizterrak kanporatu eta garestiago saldu edo alokatu dituzte ondoren. Espekulazio obszenoa. Bigarrenik, turismoaren eragina ere azpimarratu behar da; etxebizitza turistikoen alokairua errentagarriagoa da jabeentzat, epe luzeko alokairua baino. Horregatik, etxe asko alokairuaren merkatutik atera dira, turismoarenera eramateko. Negozio hutsa. Hirugarrenik, familia ereduaren aldaketa ere kontuan izatekoa da; bizitza unitate bakoitzean lehen baino jende gutxiago bizi da. Arrazoi guzti horiei eskaria besteko eskaintzarik ez egotea gehitu behar zaie. Azken finean, oinarrizko arrazoia ondokoa da: etxebizitza ongizate-estatuaren baitako eskubidea izan beharrean, kasino-ekonomiako salgai bat gehiago baizik ez da.

Bada arazoa konpontzeko giltza eskaintza eta eskariaren esparruan jarri behar dela dioenik. «Eskaria eskaintza baino handiagoa dela bada arazoa, horrek merkatuko prezioa handitzen du. Zein da soluzioa? Etxe gehiago eraiki!». Eredu (neo)liberala, ordea, agortua dago eredu sozial bezala. Zein da, ordea, horri aurre egiteko behar den iparrorratza? Eredu neoliberala alboratu eta etxebizitza negozioaren esparrutik ateratzea.

Ez dago behin betiko soluzio errazik, ordea, epe motzera begira. Helburua etxebizitza parke publikoaren tamaina biderkatzea da, urgentziaz, merkatuko prezioak baldintzatu ditzan. Aurrekoa, ordea, prozesu bat izango da. Orain eta hemen, neurri egingarriak behar ditugu, helburu horretara hurbilduko gaituztenak. Lehenbizikoa eta urgentziazkoa, etxebizitza merkatuan erakunde publikoen esku hartzea da. Zertarako? Prezioei topeak jarri eta gurpil zoro hau gelditzeko. Izan ere, prezioak mugatzea da putre funtsak eta jabe handiak uxatzeko modurik eraginkorrena.

Nola egin aurrekoa Euskal Herritik? Bada, etxebizitzaren auzian ditugun eskumen apurrekin ere (lurraldeka ezberdinak direnak), hasi gara dagoeneko larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzen. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan jada 24 udalerri tentsio-eremu izendatu dira. Nafarroa Garaiko gobernuak biztanleen %68ri eragiten dien esparrua tentsio-eremu izendatzeko tramiteak hasi ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EH Bilduk gidatutako zenbait udal ere hasi dira tramiteak garatzen. Zergatik, ordea, herri bakoitza bere tramiteak egitera behartu, Eusko Jaurlaritzak takada batean egin dezakeenean, Nafarroa Garaian edo Euskal Hirigune Elkargoan bezala? Jaurlaritzak erabaki beharra dauka: etxebizitza negozioa ala eskubidea izan.

Epe motzean beharrezkoa da epe luzeko alokairua ahalbidetuko duten neurriak aplikatzea. Horretarako, bi bide daude. Lehena, etxebizitza turistikoak mugatzea, HAPOen edo Konpentsazio Araua bezalako tresnen bidez. Bide batez, jabeei tentsio-eremuetako prezio mugak ekiditeko ihesbideak eragotzi behar zaizkie, etxeak epe motzeko alokairuetara bideratzea oztopatuz. Bigarrena: etxebizitza hutsak mobilizatzea, higiezinen gaineko zergaren bidez edo etxe hutsen gaineko kanonaren bidez. Ipar Euskal Herrian esaten dutena ekarriz, norbaitek bi etxe izateko eskubidearen gainetik, denok etxe bat izateko eskubidea baitago. Norabide berean, etxebizitzaren gaineko ikuskaritza publikoaren beharraz hitz egiten ere hasi beharko ginateke. Iruzurrak ekiditeko tresna eraginkorrenak izan daitezke; besteak beste, maizterrak prestazio sozialak jasotzen dituenean, jabeak alokairuaren prezioa igotzen ez duela bermatu, eta kontratuak behar bezala egin eta betetzen direla bermatzeko.

Ondorioz, etxebizitza-larrialdiari aurre egitea ezinbestekoa da gaurtik hasita, negozioa dena eskubide bilakatu arte. Hau ez da izango, ordea, eragile bakarrak bere kabuz aurre egin diezaiokeen erronka. Herri erronka da, dudarik gabe. Etxebizitza parke publiko nahikoa izango duen etxebizitza sistema publiko-komunitarioa dugu helburu. Alegia, etxe bat erosi beharrik gabe, eta ahalmen ekonomikoa edozein izanda ere, pertsona batek bere bizitza osoan teilatupe duin bat izango duela bermatuko duen sistema bat. Nola egin hori? Politika publiko batzuk egiten hasteko eskumen batzuk izan, baditugu. Batzuk bai, baina ez behar ditugun guztiak. Horren jakitun izanik, bietan eragiten jarraitu beharko dugu: larrialdiari ditugun baliabideekin gaurdanik aurre egiten, eta, aldi berean, ezinbesteko ditugun estatu tresnen alde borrokan segituz.