J.S.

Asteburu biribila Arrasaten santamasen aitzakian

Aurtengo santamasen ospakizuna igandearekin egokitzen denez, Arrasateko Santamas komisiñuak inoiz baino egitarau zabalagoa prestatu du eta jai ekitaldiak larunbat goizetik hasiko dira. Honenbestez, asteburu biribila ospatzeko aukera izango dute arrasatearrek zein bisitariek.

Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, aurten hegaztiak itzuliko dira Arrasateko azokara. Eguerdian txerri dantza herrikoia eskainiko dute plazan.
Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, aurten hegaztiak itzuliko dira Arrasateko azokara. Eguerdian txerri dantza herrikoia eskainiko dute plazan. (Juanan RUIZ | FOKU)

Antzinako agiriek diotenez, Arrasatekoa da Gipuzkoan San Tomas eguna ospatzeko azokarik zaharrena, XIV. mendean dagoeneko egiten baitzen, eta hasiera batean, ospakizunak hiru egunez luzatzen ziren (21, 22 eta 23an).

Gaur egun, ordea, 22an ospatzen da, Donostiako jaiarekin bat ez etortzeko. Baina aurten, igandea izanik, berriro ere hiru egunez luzatuko dira jai ekitaldiak (larunbata, igandea eta astelehena). Horrela, abenduaren 21ean Gabonetako artisautza azokarekin zabalduko da kaleko egitaraua, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.

1978 urteaz geroztik antolatzen du Santamas komisiñuak artisauen azoka, iraganeko lanbide zaharrei balioa emateko eta sustatzeko asmoz. Aurten, Jokin Zaitegi plaza indartu nahi izan dute antolatzaileek eta postu gehiago egongo dira bertan. Berezitasun bezala, forja erakustaldia ere antolatuko da aurten.

Eguerdian artzain txakur erakustaldia izango da, Jose Ramon Garcia artzainak gidatuta, baita kantu-jira ere. Larunbat arratsalderako ere egitarau zabala iragarrita dago, tartean santamasetako dantzaldia, erraldoi eta kilikien kalejira, Gurutze txerriaren aurkezpena, bertso saioa aurten lehenbiziko aldiz Arzamendi Musika Etxeko auditorioan (Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Aitor Tatiegi eta Andoni Egaña), dantzaldia, zezen suzkoa eta kontzertuak Gaztetxean.

Azken urteetan bezala, aurtengo txerria ere Galartzako Zaloña Aurre baserritik dator eta Luis Mari eta Ibai Alberdik zaindu dute. Gurutze du izena, 228,6 kilo ditu eta euskal txerri eta iberiko jatorrikoaren arteko nahasketa da. Aurkezpen ekitaldia zapatu arratsaldean egingo da, baina domeka osoan ikusgai egongo da herriko kaleetan.

GANADU FERIA ETA AZOKA

Domekan, goizeko lehen orduko etxafuego eta txistularien dianaren ondoren, goizeko 10.00etan zabalduko dira ganadu feria, fruta, barazki eta herriko saltokien azoka, talo eta produktu gastronomikoen salmenta eta artisau langintzen jarduera feria. Aurten ere artile mozketa erakustaldia egingo dute Mikel Velasco artzain arrasatearraren eskutik, galtzear dagoen lanbide horren nondik norakoak herritarrei gerturatzeko. Berarekin batera, Juan Ignacio Regorigok ere zaldiak nola ferratzen diren erakutsiko du.

Era berean, zorionez aurtengo azokan hegaztiak berriz ikusteko aukera izango da. Urteetako gaitzak gaindituta, Arizmendiarrieta plazan hegaztiak izango dira, betiko moduan, behi, pottoka, moxal, behor, idi, asto, ardi, ahuntz eta txakurrekin batera.

Kalea girotzeko musika ere ez da faltako igandean. Goizeko 11.00etatik aurrera trikitilariak, albokariak txistulariak, gaiteroak, dantza taldeak, Iturengo joaldunak eta Incansables txaranga ibiliko dira kalez kale.

Eguerdian herri kirolen txanda izango da, Zaldibarko frontoian ospatuko den bi bikote mistoren arteko norgehiagoarekin, eta herriko plazan dantzarien, trikitilarien eta txerri dantzaren txanda izango da. Ohikoa den moduan, herri bazkaria Musakolako kiroldegian izango da eta bazkalostean dantzaldia iragarri dute DJ EROren eskutik.

Arratsaldean Uarkape udal pilotalekuan profesional mailako pilota partidak jokatuko dira, honako bikoteekin: Altuna-Aranguren eta Artola-Mariezkurrena. Aurretik, Ander Murua arrasatearrak jokatuko du, Aldaberekin batera, Bakaikoa eta Lizeagaren aurka. Iluntzean, berriro dantza herrikoien txanda izango da herriko plazan, baita txerriaren zozketarena ere.

Eguna amaitzeko, 20.00etan dantzaldia hasiko da herriko plazan Muxutruk taldearekin, eta gauerdian Salda Badago DJaren eskutik dantzaldia Gaztetxean.

Aurtengo jai egitarauak, antzinako moldea berreskuratuz, hirugarren eguna ere izango du, astelehenean, hilak 23. Egun guztian zehar Gabonetako artisautza azoka zabalik egongo da, goizean zeramika tailerra ere izango da eta arratsaldean ipuin kontaketa eta Olatz Salvadorren kontzertua.

Ohikoa den bezala, santamasen egitarauak Gabonetako ekitaldiekin izango du jarraipena. Izan ere, abenduaren 24ko goizean, Olentzeroren gutunak jasoko dituzte herriko auzoetan, eta arratsaldean Olentzerori agurra egingo zaio herriko plazan. Eguna amaitzeko, Goikobalu abesbatzak Gabonetako kantaldia ekainiko du herriko kaleetan.

Aurtengo egitaraua abenduaren 31n bukatuko da, Arrasate Musikaleko Bandak Amaia antzokian eguerdian egingo duen kontzertuarekin eta arratsaldean Txorbela Otxoteak kaleetan barrena eskainiko duen emanaldiarekin.



ARRASATEKO

EGITARAUA

A.21

ZAPATUA

11.00 Musakolako kiroldegian Santamas padel txapelketako finalak.

11.00-19.00 Seber Altube plazan gabonetako artisautza azoka, Eskuartean Artisau Kolektiboaren eskutik.

12.30 Kondekuan, artzai txakur erakustaldia, GIATE Gipuzkoako Artzain Txakur Elkartearekin lankidetzan eta Jose Ramon García artzainak gidatuta.

13.00 Portaloitik hasita eta herriko kaleetan zehar, Kantu Gira, Portaloi elkartearen eskutik. Parte hartze irekia.

18:00 Biterin, Santamasetako dantzaldia, herriko musikariekin.

18.30 Etxafleroen jaurtiketa.

18.30 Biteri plazatik hasita, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsaren kalejira.

19.00 Herriko Plazan, “GURUTZE” txerriaren aurkezpena.

19.30 Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean bertso saioa. Bertsolariak: Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Aitor Tatiegi eta Andoni Egaña. Gai jartzailea: Olatz Zuazubiskar.

20.00 eta 23.00 Herriko Plazan, dantzaldia KAIXO taldearekin.

22.00 Herriko Plazan zezen suzkoa.

22.00 Gaztetxean, ZENTZU OKERRA eta INGUMA taldeen kontzertuak.

A.22

DOMEKA

09.00 Etxafleroen jaurtiketa.

09.30 Herriko kaleetan zehar, Udalaxpe txistulari taldearekin diana.

10.00 Portaloian, “GURUTZE” txerriaren aurkezpena.

10.00 Jose Mª Arizmendiarrieta plazan, ganadu feria.

10.00 Seber Altube plazan, fruta, barazki eta herriko saltokien azoka.

10.00 Biteri plazan, Euskal Herriko produktu gastronomikoen salmenta.

10.00 Herriko Plazan, taloen salmenta.

10.30 Jokin Zaitegi plazan, artisau langintzen jarduera feria.

11.00 eta 13.00 Jose Mª Arizmendiarrieta plazan artile mozketa erakustaldia (Mikel Velascoren eskutik).

11.00 Portaloitik hasita eta herriko kaleetan zehar, Trikikunen eskutik kalejira.

11.00 Herriko kaleetan zehar albokariak.

11.30 Herriko kaleetan zehar, kalejira: Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak, Arrasateko trikitilariak, Udalaxpe txistulari taldea eta Arrasateko gaiteroak.

11.30 Herriko kaleetan zehar, Iturengo joaldunak.

11.30 Herriko kaleetan zehar, Incansables txaranga

11.30 Herriko kaleetan zehar, Arrasateko trikitilarien saioa.

12.10 Herriko Plazan, Lore Gazteak dantza taldearen saioa.

12.30 Zaldibar frontoian, herri kirolak: bi bikote mixtoren arteko norgeihagoka.

Parte hartzaileak: Karmele Gisasola eta Oier Kañamares vs Uxue Ansorregi eta Julen Kañamares. Probak: Harri jasotzea, 5 metroko altueran aizkorarekin ebaki bertikala, txingak, aizkorarekin ebaki horizontala eta korrika.

12.50 Herriko Plazan, Arrostaitz dantza taldearen saioa.

13.30 Herriko Plazan, Trikikun

13.45 Herriko Plazan, Txerri Dantza herrikoia.

14.45 Musakolako kiroldegian, herri bazkaria. Doako autobus zerbitzua egongo da 14.00-14.45 Maalako biribilgunetik joateko eta 17.30-19.00 Musakolatik itzultzeko. Bazkalostean, DJ EROren eskutik dantzaldia.

17.30 Uarkape Udal pilotalekuan profesional mailako pilota partidak. Eskuz binakako txapelketa. Altuna III - Aranguren vs Artola - Mariezkurrena ll. Sarrerak: aurrez 20 euro; lehiatilan 25 euro. Sarrerak salgai: Monte Taberna eta Buenuena Taberna.

19.00 Arbolapetatik, Seber Altube eta Herriko Plazaraino, Batzen dantza herrikoia.

19.30 Herriko Plazan, txerri dantza herrikoia.

19.30 Herriko Plazan, Larrain dantza herrikoia, Arrasateko gaiteroen eta Garinbanden musikarekin.

20.00 Herriko Plazan, txerri zozketa.

20.00 eta 23.00 Herriko Plazan, dantzaldia MUXUTRUK taldearekin.

00.00 Gaztetxean, SALDA BADAGO DJaren eskutik dantzaldia.

A.23

ASTELEHENA

11.00-19.00 Seber Altube plazan gabonetako artisautza azoka, Eskuartean Kolektiboaren eskutik.

11.00 Seber Altubeko karpan, “ZERAMIKA” tailerra, Lokatz aztiaren eskutik. Herritar guztiei eskainia.

17.30 Kulturateko areto nagusian, “LAMIEKIN JOLASEAN” ipuin kontaketa, Apaxi kontalariaren eskutik. .

19.30 Amaia antzokian Kontzertua: Olatz Salvador.