Katuaren eta saguaren arteko jolasa
Frederick Forsyth idazle ak “The Day of the Jackal” eleberria argitaratu zuen 1971n. Bi urte geroago, Fred Zinnemannek zinemarako moldaketa egin eta izen bereko pelikula estreinatu zuen; 1997an Bruce Willis eta Richard Gere protagonista zituen “The Jackal” filma ere iritsi zen. Pantaila txikira jauzi egin dute orain eta “The Day of the Jackal” sortu dute.
Eddie Redmayne aktore ezagunak jokatuko du The Jackal pertsonaiaren rola: sikario iheskor eta bakartia da. Azken hilketaren ondoren, ordea, gauzak okertu egingo zaizkio: Erresuma Batuko Inteligentzia Zerbitzu Sekretuko agente bat, Bianca (Lashana Lynch), atzetik dabilkio. Hortik aurrera, Europan zeharreko jazarpen zirraragarri batean murgilduko dira. Katuaren eta saguaren arteko jolasaren eskema klasikoaz baliatuz, gaur egungo paisaia soziopolitikoarekin zuzenean lotzen da polizia thriller hau.
«Sikario lanak» egiteari uzten dionean, narrazioak haren eremu pertsonalera ere eramango du ikus-entzulea; Cadizen (Estatu espainolean) bizi da, emaztearekin eta 2 urteko semearekin batera.
Argazki zuzendaritzak, eta arlo estetikoak, oro har, protagonistaren izaerarekin bat datorren hoztasun etengabea jariatzen du. Ekintza ugari ezlekuetan gertatzen dira (hotelak, aparkalekuak, geltokiak...), eta The Jackal-en bi errealitate paraleloen arteko zubi gisa funtzionatzen dute.
Soinu bandaren parte diren abestiek musikazale asko gozaraziko dituzte: Radiohead, Kaleo, Hozier, The Black Keys, Florence + the Machine, Alt-J eta The Who taldeen kantak entzun ahal izango dira, besteak beste.
Hamar atal ditu guztira, eta, egiari zor, batzuetan gehiegi luzatu duten sentsazioa jariatzen du. Hala ere, maila oso oneko ekoizpena da, eta bikainki zukutzen ditu era honetako istorioek eskaintzen dituzten erreminta guztiak.