GARA
PILOTA

Hemen da zapatua Binakako Erremonte Txapelketako garaileak ezagutzeko

Segurola eta Barrenetxea IV.a neurtuko dira Ezkurra II.aren eta iaz Urrizarekin txapela jantzi zuen Azpirozen aurka Galarretako final handian.

Urriza lagun zuela, Azpirozek jantzi zuen iaz txapela Binakako erremonte txapelketan.
Urriza lagun zuela, Azpirozek jantzi zuen iaz txapela Binakako erremonte txapelketan. (Jon URBE | FOKU)

Ez da berehalakoan iritsi, baina biharko dena prest dago, Binakako erremonte txapelketako finalari ekiteko. Galarreta pilotalekuak maila goreneko jaialdia biziko du, behin 18.00 jo eta gero. Bigarren Mailako txapela jarriko dute jokoan, hasteko, Aldabe eta Aiestaran VI.ak Jabalera eta Apezetxearen aurka, eta ostean, Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dute Segurola eta Barrenetxea IV.ak Ezkurra II.aren eta Azpirozen aurrean.

Aurrez sekula ikusi gabeko finala izanda ere, lau finalistek dute eskarmentua lan hauetan. Esaterako, Azpirozek birritan txapela janztea lortu du dagoeneko, 2018an Uterga lagun zuela, eta iaz bertan, Urrizaren atzelari lanetan. Ezkurra II.ak 2014an jokatu zuen bere aurreneko finala, baina ez orduan, ez 2016an, ez 2017an ere ez zuen txapelik jantzi, eta noizbait bere estreinakoa lortzeko, aukera hau baliatu nahi du. Gorriek ere badute istoriorik kontatzeko finalen inguruan. Segurolak 2022an eskuratu zuen garaipena, Larrañaga bizkartzain zuela, larunbatean atzelari izango duen Barrenetxea IV.ak txapela irabazi eta hamar urtera, azken honek 2012an irabazi baitzuen. Hain zuzen, Segurolak txapela jantzi zuenean, Barrenetxea IV.a aurkari izan zuen, aurrez 2019an ere azpitxapeldun atera ondoren.

Duela bi aste, Segurolak eta Barrenetxea IV.ak, 15-4 eta 15-8 irabazita, egurra eman zieten Ezkurra II.a eta Azpirozi, baina ligaxkako aurreneko itzulian kontuak ez ziren horren garbi joan. Orduko hartan neurketa estu askoa atera zen eta garaipena Ezkurra II.a eta Azpirozen patrikara joan zen. Azaroaren 9 hartako lehia bizi hura espero da biharko.

«Nekez errepikatuko dugu hain partida onik. Sakez dena asmatu nuen eta Segurolak aurrean harrapatzen zuen guztia amaitu zuen. Baina hori pasatako kontua da eta gauzak ez dira horrela izango finalean. Ezkurra II.a inoiz baino hobeto dago eta Azpiroz denetan erregularrena da. Laurok gaude gure kirol bizitzako momenturik onenean», azaldu zuen material aukeraketaren egunean Barrenetxea IV.ak.

Bigarren Mailako finalean, berriz, Aldabe eta Aiestaran dira faborito garbiak. Txapelketa osoan zehar erakustaldiz erakustaldi aritu dira, eta ondorioz, aditu guztiek beraiek irabaziko dutela diote. Ondorioz, Jabalera eta Apezetxeak presiorik gabe jokatuko dute eta lasaitasun hori baliatu nahiko dute sorpresa emateko.