Blokean
L2025 da eta 1925eko etxe bat ikusi dut. Atzera eta atzora nahi omen du munduak. AHTaren eraikuntza dabil tunel, zubi eta errio. Ikusten, Txirritaren aipamenak dira hil zenetik 80+9 urtera. Denok dakigu gehiagoren garaia dalaia. Ezin aurkiturik nabil emakume batek Goizueta-Arano inguruan ezkongai ohiari epelak botata erantzundako bertsoak. Jendea landa eremura doa bizitzera eta ez hiriguneetako prezioak ezinezkoak direlako, bakarrik. Caseroak jopuntuan daude etxebizitzekin espekulatzeagatik eta kaxero kontzeptua zokoratua dago. Pikondo bat zegoen lekuan ahuakateondo bat dago. Zuhaitz eroriek bideak oztopatu dituzte. Argia joan da 2 egunez. Bizilagun bat ikusi dut autoan mobila kargatzen eta bideodeia egiten. Oraindik badago hezetasuna gustuko duenik. Urgentziek kolapsatuta jarraitzen dute. Gabonetan izotza egin du bailaran. Kaxetan gurutzatzen dira aitatxo txirrindulariak eta bollera bizikletadunak. Plazek parking funtzioa dute eta kotxe elektrikoen kargagailuak daude, isilik dabiltzan autoek deskantsa dezaten. Trenean sinpa egitea zailagoa da. Edonon sinpa egitea zailagoa da. Andaluziara goazenok jada ez goaz preso bat bisitatzera. Martuteneko kartzelan gabonetako argiak jarri dituzte.
Ibaia lehengoratu nahi da eta karretera zabaldu behar da airesorgailu handien palak kabitzeko. Presak ezin dira bota eta indarretxeak ezin dira martxan jarri. Bigarren eskuko azoketan jende ugari dabil. Adibas modaz pasatzen ari ez ote den. Jendeak atzean utzi nahi du 2024a. Leku itxietan jende zoragarria dago. Edonork egin dezake kartel bat Canv4n eta kanta bat ChatGBTn. Pelikulak 1.5ean ikusten dira. Serieak hamar kapituluko serietan. Kontserbazioaren biodibertsitatea. Txori-frikien txori-kedadak daude. Ganbara gutxitan sartzen dira txantxangorriak. Morteroarekin pareta zuzen bat egin ezinik jarraitzen dut. Igeltserotzaz dakiten lagunak dauzkat. Lagunek zaldiez idazten dute. Hiru urtez ixteko asmoa izan eta itxi nahi ez duen tabernan bazkaltzera goaz. Oso ondo bazkaltzen den arren, ixtea opa diogu.