Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Mamia eta azala

Ulertzekoa da urteko lehen egunean egunkaririk ez izatea. Nahikoa da urteko azkena eskuan hartzea. Mardula, gero, GARAkoa! Lehenengo zatian begirada estrategikoa duten erreportajeak, honetaz eta hartaz, eraldaketa sozialak egunero behar duen narratiba eraginkorrerako hezur mamitsuak. “Gaur8”-k iragarri legez, “begiratzeko modua aldatzeak aldatu dezake mundua”, eta horretarako hartu ditut erreportajeok. Hori bai, boligrafoa eskuan irakurri ditut, ideia batzuk azpimarratuz, oharrak bazterrean bilduz, hemengo eta horko esaldiak geziz lotuz eta gero ideien kaxoian utzi, behar dudanean eskura izateko. Gero bigarren zatia, egunaren gurpilekoa, katearen momentukoa, koiunturala, azalekoa. Hori ere irakurri dut, gainbegirada arinago batean… puzzle globalaren piezak dira, baina aurreko zatikoek laguntzen didate gehien horiek harilkatzen, puzzlea bere osoan ehuntzen. Azken batez, angeluhandirik gabe gaitza egiten zait zooma ulertzea.

Total, urte berrian gara. Formazio politiko batzuek kongresua dute hasiera honetan, nork berea, jakina, aurrerako bideak edo biribilguneak zehazte aldera. Eraldaketa soziala, eta honetan sartzen dira beste guztiak, helbide dugunok estrategian asmatu, sigi-saga eginda ere norabide egokian urrats eraginkorrak egin, atzekoz aurrera pentsatu, inertziak gainditu, piramideko basea zabaldu pisu gehiago jasateko… pragmatismo eraldatzailean segitu behar.

Jelkideek eta jeltzaleek alderdiaren CEO hautatuko dute, eta bitartean hiztegia sikiera argitu dute. Euskadi kanpora eta Euzkadi barrura begira erabiliko dute. S eta Z kontua, Yez! Euskadi zazpi lurraldeko proiektu politikoa eta Euskal Herria kontzeptu kulturala omen. Zer proiektu da hori, kultura kontzeptuan oinarritzen ez dena? Kulturaz ari naiz, ez arteaz. Ez nahastu, kulturaz!