Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Distirarik gabe baina sendo, lidergora buelta

Unai Laso, Astelenan, atzean Iztueta duela.
Unai Laso, Astelenan, atzean Iztueta duela. (Jon URBE | FOKU)

Gabon opor hauetako partiden pilaketen ondorioz distira apalduta dagoenean, sendotasunak balio erantsia har lezake. Horixe bera gertatu zitzaien atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan, Laso eta Iztuetari. Garaipena lortu zuten, Binakako txapelketako lehen faseko zazpigarrena, eta, beraz, lidergora itzuli dira, garaipen kopuru bera duten Ezkurdia-Rezustarekin batera. Partida traketsa eta ordenarik gabekoa izan zen atzokoa, ohi baino gehiago huts egin zuen Mariezkurrenaren aurka. Berriozarkoak zortzi galdutakorekin bukatu zuen partida, baita aurreko koadroetan lagun izan zuen Senarrek ere -Artolaren ordez-. Alegia, bien artean gorrien 16 tanto egin zituzten. Ataungo aurrelariak utzi zituen tanto distiratsu batzuk -sei guztira, horietako bi txokoan, 18-16ra hurbiltzeko-, baina azken txanpan ere beraien akatsek kondenatu zituzten porrotera.

Lasok, esperientziatik tiraka, osatu zuen jokamolde serioena. Hasieran Iztueta makal bat ikusi zen, orain arteko txarrena, eta Bizkarreta-Gerendiaingoak ardura bere gain hartu zuen: «Partida hasieran konfiantza falta izan du. Konturatu naiz, laguntzera joan naiz eta asmatu dugu. Beste batzuetan niri egokitu ahal zait kili-kolo hastea. Borrokatu dugu, eta puntua eskuratu».

SENDOTASUNA GARAILE

12-7ko markagailuarekin joan ziren lehen atsedenaldi luzera, eta Iztuetak apenas egin zuen akatsik bigarren erdian. Mariezkurrena ezezagun bat ikusi zen Eibarren; partiden kargak izango du zerikusirik. Beraz, zortzi partida jokatu ostean, bost punturekin geratzen da Artola-Mariezkurrena bikotea, Elordi-Zabaleta legez.

Atzo aukera ona zuten goialdea gehiago estutzeko, baina partidan sartzen ziren aldiro gorrien sendotasuna garaile atera zen.