«Faux départ. Buru ezabatzailea» proiektua paratu du Iñaki Garmendiak Oteiza Museoan

Oteiza Museoak eta Uharte Zentroak “Faux départ. Buru ezabatzailea” aurkeztu dute, Iñaki Garmendiak (Ordizia, 1972) ondutako proiektua. Abiapuntua Jose Sarriegi (Ordizia, 1911-1967) margolariaren busto galdua da, Jorge Oteizak 1934an zizelkatua.
Gaur egun, jatorrizko busto haren irudi batzuk baino ez dira gelditzen. Presentzia sinboliko baina immaterial hartatik abiaturik, Garmendiak obra multzo bat garatu du, desagerturiko piezaren inguruko gerturatzea eta harekiko elkarrizketa proposatzeko. Hala, eskulturagintzak gure memoria aktibatzeko duen gaitasuna nabarmentzea du helburu. Hain justu ere, egiazko bustoaren absentziak baina haren irudiaren eta irudikapenaren iraunkortasuna eta edukia dira erresonantzia beteko proiektu horren muina. Ildo horretan, gai erabakigarriak jorratzen ditu eskulturagintzaren esentziarekin loturik, eta Oteiza eta Sarriegiren obra eta bizitza gorabeheratsuekin lotzen ditu, biak ere arte hizkuntzen berrikuntza prozesuko protagonista izan baitziren 1930eko hamarkadan.
Prozesuan, material multzo zabal bat landu du Garmendiak, hala nola jatorrizko buruaren axonometriak -haren argazki-erreprodukziotik eta bustoaren inguruko hurbilketa eskultorikoetatik abiatuta egindakoak- eta marrazkiak.
Horiek guztiak ikusgai daude maiatzaren 25a bitartean, HEAD izena duen hiru kanaleko bideo instalazioarekin batera (JAI-Jardun Artistikoentzako Institutuko bosgarren edizioko partaide-taldeak gauzatua). Bertan, herri kulturako erreferentzia garaikideek esku hartzen dute desagerturiko bustoaren arrastoari kontrasoinu egiteko. «Hurbilketa horietan guztietan, errepikapenak eta malenkoniak zehazten dute erabat agertuko ez den pieza baten inguruabarra, zeinaren arrastoa aztarna baino ez baita izanen. Hori horrela, obraren auratasuna ez da hezurmamitzen erabat eta osorik, baizik eta modu partzial eta sinkopatuan; horrek areagotu egiten du irudiaren eta objektuaren arteko urruntzea, eta nabarmendu egiten du arteak esanahi-irristatze ugariren bitartez errealitatera gerturatzeko daukan gaitasuna», diote museoko arduradunek.

«Estamos dejando que se alcancen nuevas cuotas de deshumanización»

«Sería un fraude democrático que los partidos no admitieran a trámite la ILP»

La Federación Navarra de Pelota ve «legítima» la postura de la Vasca

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo
