G.I.
HERNANI
VERMIGLIO

Iraganari buruz hausnartu, oraina ulertzeko

Maura Delpero zinegile italiarrak zuzendutako ‘‘Vermiglio’’ filmak aitorpen ugari jaso ditu 2024an estreinatu zenetik. Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Europako Zinema Sarietan gidoi onenarena irabazteaz gain, Urrezko Globoetan ere izendapenak lortu ditu. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Italiako Alpeetako mendiko herri urrun batean, Vermiglion, girotutako garaiko drama da. Bertako maisuaren familian barneratuko gaitu istorioak; soldadu desertore baten etorrerak bere bizitza aldatu eta familiako kide guztiak ustekabeko patu batera eramango ditu.

Istorio honek gerra pairatu zuten pertsonengan jartzen du arreta, baina zehazki batailetatik kanpo geratu ziren horiengan: alargun geratzeko beldurrez etxean geratu ziren emakumeak, hotzaren ondorioz hiltzen ziren jaioberriak, beldurtuta seme-alaben itzuleraren zain zeuden gurasoak eta abar. Film honetan ez dago ez batailarik, ezta bonbarik ere; gerrari buruzko istorio honetako protagonistak pertsona horiek dira.

Garaiko pelikula bat filmatzeko motibazioari dagokionez, zuzendariak hau esan du: «Iraganari buruz hausnartzea da kontua, orain non gauden ulertzeko eta etorkizunera begiratzeko».