AMAIA EREÑAGA
BILBO

Crystal Fighters euskal artistekin batera jotzen jarriko du Zeid Festek

Barakaldon apirilaren 5ean egingo den Zeidfest Gaztearen laugarren ediziorako gero eta gutxiago falta da. Euskal kulturaren «akelarre» edo festa handiaren kartela osatuta dago: Crystal Fighters taldea britaniarra kartel buru izango da, Zea Mays, Iseo&Dodosound, Betagarri, Süne eta Duplarekin batera... eta ezusteko bat prestatzen ari dira, britaniarrak oholtzaren gainean euskal artistekin batera arituko direlako, Zetak barne.

Albina Stardust eta Divina Comedia gerturatu ziren, atzo, Bilbon egin zen aurkezpenera.
Albina Stardust eta Divina Comedia gerturatu ziren, atzo, Bilbon egin zen aurkezpenera. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Datozen egunetan izen gehiago baieztatzea espero du Pello Reparazek, Crystal Fightersekin batera oholtza gainera igo ahal izateko. «Gonbita egin zaie artista euskaldun desberdinei parte har dezaten -argitu zuen atzo Bilbon egin zen aurkezpenean-. Baina, nahiz eta ingelesez kantatu, eurek euskal identitate edo unibertso bisualetik nahikotxo edan dute, eta hor ere egon daiteke zenbait puntu amankomun gure artean».

Pandemian bizi genuen egoera abiapuntu hartuta, ‘Zeinen ederra izango den’ kantua sortu zuen Reparazek, artean itxialdi betean geundela. Kantu horri tiraka, 2022an egin zuten aurrenekoz ZEID (Zeinen Ederra Izango Den) jaialdia, bizirik geundela ospatzeko. Eta orain, pandemia bukatu zenetik bost urte bete direnean, laugarren Zeidfest Gaztea bueltan da, euskal musika eszenaren erreferentzia bihurtuta.

Itziar Lamarcak, jaialdiaren komunikazio arduradunak, atzo aipatu zuen legez, «hasiera-hasieratik oso argi izan ditugu balore batzuk. Horien artean euskara, euskal kulturari babesa ematea, aniztasuna eta jasangarritasuna defendatzea». Zetak taldeak eta Panda Artist Managementek antolatuta, Bizkaiko Diputazioaren laguntzaz, hainbat babesle ditu jaialdiak, horien artean NAIZ bera.

BARAKALDOTIK, MUNDURA

«Barakaldokoa naiz eta / daukat paro obrero / horregatik euskaltegira / noa ni egunero». Oskorriren “Euskaldun berriaren balada” (“Badok hamahiru”, 1992) kantaren lehen lerroak ekarri ditu gogora Lurdes Etxezarretak, AEKko Nazioko Kontseiluko kideak, aurkezpenean. Aurten AEK izango baita ohorezko omendua ate irekieran. Honek ukitu berezia emango dio hitzordu honi, euskara ikasten ari direnen ahalegina nolabait omendu nahi izan delako. «Momentu honetan Ezkerraldean, adibidez, lau euskaltegi ditugu, 900 eta gehiago ikaslerekin, eta ia 500 berbalagun euskara kalean praktikatzen ari dira. Jaialdi hau haientzat arnasgune bat izango da, Barakaldo BECen, Ezkerraldean, izango dutelako espazio bat euskaraz eroso gozatzeko», adierazi zuen Etxezarretak.

Bertaratuko direnak ez dira soilik bizkaitarrak izango, dena den. «Iazko edizioan 10.000 pertsona inguru gerturatu ziren -esan zuen Lamarcak-. Ikusleriaren gehiengoa da bizkaitarra, %50etik gora, baina Euskal Herri osotik datoz [autobus zerbitzua dago]. Estatu espainoleko toki batzuetatik ere hurbiltzen da jendea. Interesgarria da nabarmentzea ikusleriaren gehiengoa emakumea dela. Horretaz harro gaude, jaialdia gune segurua izan delako urte hauetan guztietan».

Apirilaren 5ean, beraz, laugarren edizioari ekingo zaio. Ateak 12.00etan zabalduko dituzte, eta goizaldeko 2.00etara luzatuko da jardunaldia. Kartel eklektikoa osatu da, adin desberdinetako zaletuak erakarri ditzakeena. Hiru gune nagusiez gain, agertoki berri bat estreinatuko da aurten Azoka Plazan, formatu akustikoko kontzertuez gozatzeko. Hor arituko dira akustikoan Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta eta La Maria (Valentziatik). Bestalde, talentu berriei bultzada emateko lehiaketa bat irekiko da, talde hasi berriei kartelean parte hartzeko aukera emateko. Eta Albina Stardustek eta Divina Comediak show berezia eramango dute BECera: «Show berria aurkeztuko dugu, ‘Urtaroak’ izenekoa. Urte osoan egin ditugun ‘temazoak’ oholtzara eramango ditugu, inoiz izan dugun talderik handienarekin, eta oraindik aurreratu ezin dugun ezusteko batekin».