Algoritmoen garaiko entretenimendu hutsala

Pozgarria da Netflixen historiako filmik garestiena euskaraz bikoiztua ikusteko aukera izatea, baina ea hurrengo batean pelikularen kalitatea ere aurrekontuaren parekoa den: “Estatu elektrikoa” (“Estado eléctrico”, gaztelerazko bertsioan) nortasunik eta karismarik gabeko proposamen oso arrunta da. Ahalik eta ikusleria zabalenari iristeko helburuz, plataformaren algoritmoek sortutako arimarik gabeko eduki automatikoa dirudi.
Filmaren hasiera interesgarria da, eta irauten duen bi orduak erritmoz, musikaz eta elkarrizketaz josiak daude; ez da film aspergarria inondik inora ere, baina narrazioaren eta pertsonaien garapenek ez dute sakontasunik, ezta originaltasunik ere. Guztia oso azalekoa da.
Gidoiak zientzia-fikziozko generoan ehunka aldiz ikusitako klixeak erabiltzen ditu, eta aurretik iragar daitekeen argumentua du oinarri. Simon Stalenhag-en eleberri ilustratuan oinarritutako istorioak mundu postapokaliptiko liluragarri eta hunkigarri bat esploratzeko potentziala zuen, baina ezerezean geratzen da.
Roboten, pertsonaien eta tonuen arteko nahaspila moduko bat sortu dute Russo anaiek; “gutxiago gehiago da” logika aplikatu izan balute, interesgarriagoa izango zatekeen.
Horrez gain, antzezpen lanek ere ez dute gehiegi laguntzen: Millie Bobby Brown-ek, karisma handia izan arren, lan monotonoa eta nahiko laua egin du. Chris Pratt-ek, bestalde, heroi sarkastikoaren rol tipikotik atera ezinik dabilela dirudi, eta ez dio ekarpen gogoangarri edo berezirik egiten istorioari.
Aitortu behar da entretenimendu hutsal gisa funtzionatzen duela filmak, eta ikusle kopuru handi bati gustatuko zaizkion uneak dituela, baina honelako osagaiak dituen film bati askoz gehiago exijitu behar zaio.

Querella de víctimas del GAL por lesa humanidad contra José Barrionuevo

Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

«Digitalizazioan norabidea finkatu dugu, baina urratsak egitea falta da»
