«Egindakoaz harro eta egun polita izateko esperantzarekin gaude»
Bi urte pasatxo dira Joseba Ezkurdiak (Arbizu, 1991) bere azken txapela lortu zuenetik. Lau eta Erdikoan izan zen. Denbora honetan jokoan momentu eta egoera konplikatuak bizi ostean, orain beste aukera bat du podiumeko lehen postura igotzeko. Binakakoan izango da -bi txapel ditu bertan-, Beñat Rezustarekin batera. Aspekoa bikote erregularrena izan da.

Igandea, 2025eko martxoaren 30a, Iruñeko Nafarroa Arena. Horiek dira Ezkurdia-Rezusta bikoteak egutegian gorriz markatuta dituen egunak eta tokia. Bertan jokatuko da aurtengo Binakako Txapelketa luzeko final handia. Aspekoek konfiantza goi-goian dute. Ligaxka amaigabeko erregularrenak izan dira, ezbairik gabe, 14 jardunaldietan 10 garaipen pilatuz eta finalerdietako ligaxkan hiru neurketetan gailenduz. Baina final asko dituzte atzean, Arbizuko aurrelariak gehienbat, eta badakite finala beste gauza bat dela.
Aurreko asteetako tentsioa, urduritasuna eta emozioak kudeatzea gakoa izan daiteke. Are gehiago, Ezkurdiaren kasuan, bi urte «gorabeheratsu» igaro ostean. Arbizuko aurrelaria Aspeko bikotearen bozeramaile aritu da NAIZ Irratian eta elkarrizketa honetan bera eta Rezusta nola dauden azaltzen du. Bihar Iñaki Artolaren txanda izango da, Jon Mariezkurrenarekin batera txapela lortzeko borrokan ari den Baikoko pilotaria.
Beste final bat. Zure kasuan, bi urteren ostean. Esango nuke bi urte ez oso erraz, zuk hala aipatu izan duzun bezala. Suposatzen dut pozik izango zarela finalerako txartelarekin eta, batez ere, konfiantza eta jokoa berreskuratu duzulako.
Bai, dudarik gabe. Azkeneko bi urteak gorabeheratsuak izan dira, momentu on eta momentu txarrekin. Txapelketetan ezin izan dut nire onena eman, eta haserre nire buruarekin eta nire jokoarekin. Orain, egia esan, konfiantzaz gainezka eta gogotsu.
Zure azken txapela, Lau eta Erdikoan izan zen 2022an. Ordutik ez duzu zure mailarik onena topatzerik izan. Askotan aipatu izan duzu psikologikoa ote zen, fisikoki gaizki ez zenbiltzala iritzita. Eta ze garrantzitsua, orain, txapelketa luze batean, sentsazio onekin aritzea, ezta?
Bai. Entrenamenduetan egindako lana gero partidetan ez zen nahi nuen bezala ateratzen eta horrekin gero eta haserreago amaitzen nuen. Orain, behintzat, kontrakoa. Gainera, hilabete luzeko txapelketa, luzeena, eta hilabete luzez joko maila ona erakusten, gustura jokatuz eta nire buruarekin gustura geratuz. Horrek asko balio du eta pozik nago azken bolada honetan egiten ari naizen lanarekin.
Partidaren bat amaitu ostean, aipatu izan zenuen Beñatekin [Rezusta] jokatzeak asko lagundu dizula, noski pilotari bikaina delako, baina gainontzean zertan esango zenuke lagundu dizula bereziki?
Frontoi barruan ikusten da zer lan egiten duen, zenbat jokatzen duen. Txapelketako pilotaririk onenetarikoa izaten ari da, oso erregularra da, lan ikaragarria egiten du, eta asko jokatzen ari da. Hortik kanpora, entrenamenduetan mutil lasaia da, konfiantza handia transmititzen dit; beti lasai, beti hitz onak niretzat... Egia esan, asko lagundu dit.
Ikusi besterik ez dago. Ondo hartu duzue elkar.
Bai, bai. Aurretik jokatu ditugun torneo eta udako festetako partidak oso gustura jokatu izan ditugu. Beñatekin hasieratik sentsazio onak izan dira, eta bai frontoitik kanpo, bai frontoian harreman oso ona dugu. Egia esan, nuen ilusioetako bat zen berarekin honelako txapelketa bateko finala jokatzea, eta berarekin finala jokatzea kristoren poza da.
Sekulako txapelketa egiten ari zarete, bikoterik erregularrena, zalantzarik gabe; finalerdietan ere guztia irabazita. Orain, ginga jartzea baino ez zaizue falta.
Bai, zailena egitea falta da. Orain arte egindako guztiarekin oso pozik gaude, harro gutaz, egia esan. Partida pare bat kenduta, uste dut besteetan maila oso ona eman dugula, taktikoki ondo jokatuz, gauzak argi izaten, eta pozik. Orain partida bat falta da, txapeletatik gertuago gaude, baina gauzak oso ondo egin beharra dago, txapela lortu nahi badugu. Ilusioa badugu eta hori garrantzitsua da.
Txapelketa osoan zehar ibili zarete maila onean. Sentsazio aldetik, esango al zenuke momenturik onenean iritsiko zaretela finalera?
Bai, nik uste dut oso ongi iristen garela. Azken partida eskuko minengatik utzi nuen, eta gero entrenamenduetan eta finalerdietako ligaxka hasi aurretik esan nion txapelketako bikoterik onena iritsi zela finalerdietara, eta uste dut oso ondo iristen garela finalera. Gainera, hamabost egun izan ditugu ondo prestatzeko, deskantsatzeko, ongi entrenatzeko. Ilusioa eta gogoa ditugu eta uste dut oso ondo iritsiko garela.
Aurrean beste bikote indartsu bat izango duzue, Artola-Mariezkurrena II.a. A ze lau pilotari jotzaile arituko zareten elkarren aurka finalean!
Bai, bikote potentea egongo da aurrean. Txapelketa aurkeztu zenean ikusi zen bai aurrean, bai atzean jotzaile ikaragarriak direla; pilota asko luzatzen dute. Zaila da beraien kontra jokatzea, jartzen duten erritmo hori aguantatzea, baina guk gurea egin behar dugu, gure lanean zentratu, gutxi fallatu eta beraiei deseroso sentiarazten saiatu.
Beharbada, ez dira zuek bezain erregular aritu, baina txapelketa bikaina osatu dute, eta bientzako lehen finala izango da. Hauek ere oso momentu onean iritsiko dira finalera.
Bai, momentu oso onean iritsiko dira. Iñakik [Artola] partida dezente utzi behar izan ditu, baina elkarrekin jokatu dutenean oso bikote ona izan dira. Finalerdietako ligaxkan partida onak egin dituzte. Gauzak oso ondo egin behar ditugu finalean. Guk gure jokoa egin behar dugu, ea beraiek deseroso sentiaraztea lortzen dugun.
Finalerdietan zuek nagusitu zineten, lau pilotariak kantxan zinetela behintzat. Aurrekariek ez dakit zerbaitetarako balio duten.
Beti esaten dudan bezala, balio digute konfiantza emateko, baina finala finala da, partida berri bat da, tentsioa, urduritasuna, 3.000 pertsona, finalek duten tentsio berezi hori... Hau ezberdina izango da, baina polita, eta gogoz bizitzeko.
Artola eta Mariezkurrenarentzat lehen finala izango da hau. Zuek final dezente jokatutakoak zarete eta txapelak irabaziak ere bai. Horrek eraginik izan al dezake?
Ez dakit, ikusiko da. Finala afrontatzeko modua ezberdina da. Beraiek afrontatzen dute sari bezala, lasai eta ezer ez galtzeko bezala. Nik uste dut tentsioa eta urduritasunak denok izan behar ditugula, lau pilotariok. Azkenean, guk jokatzen ditugu finalak, baina momentu guztiak ez dira berdinak, momentu guztiek dute bere ezberdintasuna, eta guk ere tentsioa eta urduritasuna izango ditugu, finalerdietan izan genituen bezala. Horretarako prestatuko gara, hori ahalik eta hobetoen eramateko eta ahalik eta hobetoen egiteko. Egun polita izateko esperantzarekin gaude.
Zure kasuan, bi final Binakakoan (2018 eta 2020) eta bi txapel. Eraginkortasuna, behintzat, bikain momentuz.
Bai, bai. Kosta final gehiagotara iristea. Binakako final bat pandemia garaian izan zen, frontoia hutsik zegoela, Martijarekin; eta bestea aurrena izan zen. Bi txapelak oso bereziak dira, bi pilotari eta lagun handirekin. Orain hirugarrengoaren bila eta ea Arbizu aldera ekartzen dugun.
Txapelak lortutakoa zara zu, final askotan izandakoa. Bi urteko lehortetxo honen ostean, gehiago baloratzen al da final batera iristea?
Aurreneko finalera iristea ere urte mordo bat kostatu zitzaidan. Zazpi urte profesionaletan lehen finala jokatzeko eta orain errazak izan ez diren bi urte pasatu dira. Zaila da finaletara iristea! Denok nahi dugu hor egon eta batek irabazten badu, besteak ez. Egia esan, asko baloratzen ari naiz eta helburua hori da: gozatzea, disfrutatzea zuetaz [hedabideak], elkarrizketez... Herrian, familian, ilusionatuta daude, bazuten gogoa finala jokatzeko berriz eta, egia esan, pozik nago.
Bi nafar eta bi gipuzkoar finalean. Txapela, zorionez, bi herrialdeetara joango da. Eta finala Nafarroa Arenan; giroa ez da faltako.
Toki ederra. Toki oso ona. Gipuzkoarrentzat, gainera, Iruñea toki ona da, frontoi ederra, anbiente ederra, eta frontoia topera. Latza izango da, eta bai, Gipuzkoa eta Nafarroa pozik egongo dira, bi bikote misto daudelako.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo
Una acción inaplazable

La Unión Europea propone un plan de previsión de crisis en pleno rearme

«La Justicia nunca ha investigado nada, siempre se ha puesto de perfil»
