GARA
DONOSTIA

Bertsolarientzat eta gai jartzaileentzat babes kutxa, Bertsozale Elkartean

Bertsolariei eta gai jartzaileei zuzendutako babes kutxa martxan jartzeko asmoa adierazi du Bertsozale Elkarteak. «Administrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen ezintasun puntual edo behin-behinekoen aurrean erantzuteko. Kultur sortzaileen kasuan, ez», adierazi dute Bertsozale Elkartearen arduradunek. Babes Kutxarekin egoera horri erantzun nahi dio.

Udane Mugerza eta Unai Iturriaga.
Udane Mugerza eta Unai Iturriaga. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Lanarteak 2025eko urtarrilean argitaratutako Euskal Artisten Lan eta Baldintzen I. Inkesta kuantitatiboaren emaitzek «oihartzun bezain beste dardara» eragin zuten, Bertsozale Elkartearen esanetan. «Jakina baina isilpekoa denari bozgorailua jartzean gertatu ohi da. Euskal sortzaileen egoera prekarioa dela gordinki erakusten dute datuek», adierazi dute.

Kulturaren arloan dagoen prekaritateaz jakitun, bertsolaritzan eragiteko aukera eta premia ikusi ditu. «Bertsozale Elkartearen eginbeharra da bertsolarien, gai jartzaileen, eta, oro har, sortzaileen lan baldintzak duintzea eta babestea. Sortzez ere halaxe izan zen, eta urteak dihardu eginahal horretan», esan du Udane Mugerza Salegi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak. Horretan guztian bidelaguna izan dute Lanartea.

Bide berriak urratzeko nahia eta ardura begi onez ikusten ditu Unai Iturriaga bertsolariak: «Bertsogintzaren parte garrantzitsua gara jardunean gabiltzan bertsolariak. Bertsozale Elkarteak guganako kezka izatea eta proposamenak egiteko ardura hartzea ondo ikusten dut».

Sortzaileek lan egiten dutenean egoera prekarioa dute, baina are okerragoa da lanik egiten ez dutenean. Mugerzak argi du saio kopurutik harago eragin behar dela: «Sustapenaz ari garenean, ez gara soilik sustapen kuantitatiboaz ari, baita sustapen kualitatiboaz ere; saio ahalik gehiena antolatu baino, nola eta nolako saioak antolatzen dira? Zer baldintzatan? Horri ere erreparatu nahi diogu; badagokigu eremu horretan ere eragitea. Eta hor kokatzen dugu Babes Kutxa». Argi du: «Oraindik asko dago egiteko».

Iturriagak azpimarra jarri du baldintza horiek eskubide oinarrizkoak izan beharko luketen ideian: «Babes Kutxa dela-eta, hitz egiten ari gara edozein langilek izan ditzakeen arazoez: gaixotasunak, zaintzak… Langile baten kasuan ez dira sindikatuaren bizkar geratzen, beste bide batetik ziurtatuta ditu eskubideok, eta ez dira zalantzan jartzen». Premia hauek ere soldatapeko langileek dituzten bideetatik estali beharko lituzketela uste du, baina, hala ez denez, Bertsozale Elkarteak erantzun izana ondo ikusten du, besteak beste «martxan jartzeak berak hutsunea bistaratzen duelako».

Bertsolariek, hainbat arrazoi medio, horrelakoak eskatzeko eta onartzeko zailtasunak dituzte, Iturriagaren esanetan. Izan nolabaiteko independentzia eduki nahi dutelako, izan lanera gaixorik joatea barneratuta dutelako. Horri erantzunez eta kudeaketa errazte aldera, zuzenean eskatu gabe emango da babes prestazio hau. Iturriagak autokritika egin du: «Uste dut gure burua, teorikoki ez ezik, praktikoki langile moduan ikusteko ezinbestekoak direla halako elementuak. Gure buruari ere galdera hori egitera eramaten baikaitu: baldintza horietan joan behar al dut?».

Lanku eta Bertsozale Elkartearen bidez lotutako saioetan abiaraziko dute Babes Kutxa. Neurriak ez lioke errealitate osoari erantzungo, Lankuren eta Elkartearen bidez antolatutako saioak plazaren %35 baitira. «Iruditzen zait berri ona dela hori martxan jartzea: bai praktikoki izan dezakeen ekarpenarengatik, baina baita arazoa bistaratzeagatik ere», esan du Iturriagak.