Oteiza, Asins eta Palazueloren lanak erakusketa batean elkartu ditu Artiumek
Abstrakzioaren aitzindariak diren Jorge Oteiza, Elena Asins eta Pablo Palazuelo artisten lanak erakusketa berean elkarrekin ikusi daitezke lehen aldiz, Gasteizko Artium Museoan. Fernando Golvano Filosofian doktoreak ondutakoa da, hiruek komunean dutena kontuan harturik: geometria, seriea eta laugarren dimentsioa.

Jorge Oteiza, Elena Asins eta Pablo Palazuelo artisten obrekin “Haraindikoari itxura ematea” erakusketa atondu du Artium Museoak. Lehen aldiz abstrakzioaren aitzindariak diren hiru elkartu ditu, denek beren ikerketa prozesuetan eta poetika formaletan egitura, geometria, espazioa, seriea, laugarren dimentsioa eta transzendentzia bezalako nozioekiko interesa erakusten dutelako.
Erakusketaren komisarioa Fernando Golvano Estetikaren eta Artearen Teoriaren arloan Filosofian doktorea izan da. Beatriz Herraez museoaren zuzendariarekin batera aurkeztu zuen atzo lanen aukeraketa hau. Herraezek nabarmendu zuen obra hauek ez direla aldi baterako erakusketa baterako bilduak edo maileguz hartuak, museoaren museoaren bildumakoak baitira.
Lan honekin batera Golvanok argitaratu duen testu batean dioenez, «ikusizko arteen irudikapen naturalistaren eta errealistaren krisiak» bidea ireki zien Vasili Kandinski, Kazimir Malevitx eta Piet Mondrian aitzindariei. Horietan oinarrituta sortu zuten beraien lana Oteizak, Asinsek eta Palazuelok. Golvanorentzat hauek dira Estatu espainolean «aldaketa epistemologiko, konstruktibo eta formal» honen aitzindariak.
Aurkezpenean azaldu zuen erakusketa honen xedeetako bat bilduman dauden lanen gainean «beste testu batzuk sortzea» dela. Adierazi zuenez, erakusketa «garatzen ari den zerbaiten lehen kapitulua da».
Oteizaren lanen artean nabarmentzen direnak “Lemoizen hurbiltasuna seinalatzen duen hilarria” eta Malevitx matrizea erabilita sortutako maklak dira.
Artista honek, 1955 eta 1959 bitartean esperimentazioa landu eta aztertu ondoren, eskultura alde batera utzi zuen. Abangoardien artean suprematismoan ardaztu zen eta “Malevitx unitatea” delakoa definitu zuen.
Elena Asins, bestalde, arte kontzeptualaren aitzindaria izan zen Estatu espainolean, bai eta ordenagailu bidezko artearen aplikazioan eta algoritmoetan oinarritutako sorkuntzan ere. Geometrian eta formula matematikoetan oinarritu zen, esate baterako. Horren adibide da Artiumen ikusgai dagoen ‘Menhires’ lana. Golvanok atzo azaldu zuen moduan, serie honetan ikus daitezkeen triangeluak ez dira ausaz egindakoak, urrezko proportzioa delakoan oinarrituta daude.
Pablo Palazuelok egindakoa «masaren eta linearen arteko tentsioan» du oinarri. Ekialdeko kulturarekiko interes berezia zuen, mandalekiko, esaterako.
«Bere ibilbidearen lehen urteetan», dio Golvanok, «kubismo analitikoarekiko zorra ahaztu» eta konstruktibismoan jarri zuen bere lilura, besteak beste. Doktorearentzat Arabako Aldundiak 1970eko hamarkadan Palazueloren “Orto V” eskuratzea «egokitasun handikoa» izan zen. Hiru artistak matematiketan, serieen ideian, estrukturaren kontzeptuan eta musikaren lege matematikoetan interesatu ziren bereziki. Golvanoren ustez, ulertu baino, harekiko intuizioa eta lilura sentitzen zuten.
«Beraiek azaldu ezin zuten hori transmititzen zuten obren bidez», esan du komisarioak. Hala ere, atzotik aurrera ikus daitezkeen lan hauetan «denok antzeman ditzakegun hurbilketak, analogiak eta konexioak daude».

Muga-zergak: galdera ez da zergatik, baizik eta zertarako

GHK responde a ToxicoWatch con otro estudio previo de BioGipuzkoa

«Euskaldunen errekonozimendu bat dago Nafarroa osoan»

«El París abre de nuevo durante la cena, los usuarios lo han entendido»
