Alaia SIERRA
GASTEIZ
IRAKASLEEN GREBA

Gaua Lakuan igaro ostean, kalera atera dira zortzigarren egunean

Irakasle batzuek kanpaldia egin dute bart Lakuaren aurrean. Atzo, zortzigarren greba egunean, deitzaileen esanetan, grebak %75ko jarraipena izan zuen. Manifestazio bana egin zuten Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Deitutako greba egunetatik azkena dute gaurkoa eta Gasteizen bilduko dira protestan. Jende asko espero dute eta, aurrerapenik ez balego, «bere horretan» jarraituko dute.

Bilbon egindako manifestazioa.
Bilbon egindako manifestazioa. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan grebara deitutako hezkuntza publikoko irakasleen %75ek babestu zuen zortzigarren greba eguna, sindikatuek emandako datuen arabera. Hezkuntza Sailak %48an utzi zuen jarraipena. Astelehenean 40 irakasle inguruk kanpaldia abiatu zuten Gobernuaren aurrean, eta mobilizaziora batu ziren atzo eguerdian; arratsalde partean, kanpin-dendak jarri zituzten berriz Lakuan.

Eguerdian manifestazioa egin zuten Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Arabako hiriburukoa abiatu aurretik, Zabalgana Eskolako irakasle Mikel Irisarrirekin hitz egin zuen GARAk. Lakuan egindako kanpaldian pasatu zuen gaua, «giro oso politean» eta horrelako mobilizazioen garrantzia nabarmendu zuen. Sindikatuetatik aparte antolatutako ekimena da.

Hain zuzen, irakasle talde batzuk elkartu direnean sortu da ekimena. «Gure artean elkartasun oso-oso handia sortzen ari da eta alde oso positiboak ditu horrek», azaldu zuen Irisarrik. «Irakasleon talde batzuk sortu dira, elkartu gara eta asanbladatxoak ere egin ditugu», erantsi zuen.

«Gure babesa eman nahi diegu sindikatuei, baina azkenean gu gara lanean jo eta fuego gaudenok, eta horrelako egoerarekin nazkatuta gaude ezin diegulako gure ikasleei behar duten hezkuntza eman», azaldu zuen. Ekimenak indartzeko beharraz mintzatu zen. «Ezin gara bakarrik manifestazioetara paseotxoa ematera etorri», gaineratu zuen ildo horretan Irisarrik.

Astelehen arratsaldean ehun bat irakasle bildu zirela esan zuen, eta bigarren gau batez kanpaldia errepikatzeko asmo argia zutela adierazi zuen. Gainera, jende gehiago elkartzea espero zuten: «Gero eta jende gehiago animatuko da, gero eta talde handiagoa izango gara eta hor jarraituko dugu».

«XANTAIA» LAKUATIK

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako azken-aurreko greba eguna izan zenean, «jarraipen zabala izaten jarraitzen» duela azpimarratu zuen Steilas sindikatuak ohar batean. «Milaka langile ari dira elkartzen» mobilizazioetan eta «nahikoa dela salatzen ari dira behin eta berriz kaleetan eta egoera aldatu ezean bere horretan mantenduko dira», esan zuen.

Steilaseko Txiki Estivarizek Gasteizko manifestazioan salatu zuen Hezkuntza Sailak «xantaia» egin diela, negoziaziorako baldintza gisa eskolak «normaltasunera» iristea jarri duelako mahai gainean. Estivarizek adierazi zuenez, baina, «normaltasun horrek eraman gaitu kaleak betetzera» eta «kezkatuta» daude.

Horrela, kanpaldia bezalako «ahalik eta ekimen gehien egitera» animatu ditu grebalariak eta Lakuako egoitzaren aurrekoari babesa adierazi zion, bere sindikatuaren izenean, «egiten diren ekimen guztiak ongi etorriak dira» eta.

LABeko Gontzal Moratallak, bestalde, Hezkuntza Sailaren jarrera «guztiz salagarria eta arduragabea» dela esan zuen. Horrekin, «behingoz negoziatzen» hasteko eskaera zabaldu zion Begoña Pedrosaren Sailari «hezkidetzaren, euskararen eta euskalduntzearen» mesedetan. Lakuak «zerbait mahai gainean» jarriko ez balu, «geure horretan» jarraitzeko asmoa nabarmendu zuen.

«JARRAIPEN MASIBOA» GAURKO

Horrekin ados agertu zen ELAko Urdax Bañuelos eta, greba egunak amaituta, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren erabakitzeko «biharko [gaurko] jarraipen masiboa Sailak nola hartzen duen ikusi beharko da». Azaldu zuenez, «ditugun datuen arabera», gaur 11.30ean Gasteizko Europa Jauregitik Lakuara abiatuko den manifestazioarekin «jende pila bat egongo da kaleetan».

Aurrerapausorik egon ezean, greba mugagabe bat deitzeko aukeraz galdetuta, «sindikatuen artean eztabaidatzeko beharraz aritu zitzaien hedabideei, baina argi utzi zuen honakoa: «Egoera honetan hurrengo pausoak zehazterakoan ikusiko dugu zer egingo dugun, baina kaleetan jarraituko dugu».