GARA
DONOSTIA

EH Bilduk eredu sozioekonomikoari buruzko «herri eztabaida bat» egitea proposatu du Gasteizko Legebiltzarrean

Pello Otxandiano, Igor Arroyo LABeko koordinatzailearekin.
Pello Otxandiano, Igor Arroyo LABeko koordinatzailearekin. (EH BILDU)

Gai bakarreko osoko bilkura bat egitea eskatu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, eredu sozialaz eta ekonomikoaz «herri eztabaida bat» zabaltzeko. Politika ekonomiko eta industrialaren norabidea aztertu nahi du, lehentasunak jarri eta «agertoki ekonomiko berriko» ekimenez eztabaidatu.

Euskal Herrian ziurgabetasun ekonomikoa sumatzen da, bai jendartean, bai agenda politikoan. Horri heltzeko, koalizio abertzaleak eragile sozial, ekonomiko eta sindikal desberdinekin bilerak egin ditu azken asteetan, eta atzo LAB sindikatuaren txanda izan zen. Jarraian, ekimen baten berri eman zuen Pello Otxandiano Gasteizko Legebiltzarreko taldearen buruak.

Ekonomiaren ikuspegitik, «mundu mailan aldaketa handiak» gertatzen ari direla azaldu zuen, eta horiek «euskal ekonomian ere ondorio zuzenak» dituztela baieztatu zuen. Donald Trump bigarren agintaldira iristeak «nazioarteko ordena berri bat ezarri du, polo anitzeko mundu bat, non Bigarren Mundu Gerraren ondotik sortutako erakunde globalek eragina galdu duten».

«Protekzionismoaren gorakadak eta muga zergen inposaketak parte batean desglobalizazioa eragin dute, eta horrek Europako ekonomien lehiakortasuna ukitu du», adierazi zuen. Europak «desindustrializazio prozesu bati eta lehiakortasun teknologikoaren galerari aurre egin behar dio, eta ordena global berri horretan atzean gelditzeko arriskua du».

ESTRATEGIA INDUSTRIAL BAT

Otxandianok nabarmendu zuenez, Euskal Herrian sumatzen den ziurgabetasun ekonomikoaren adibideak dira azken hilabeteetan Guardian, Talgo, Balenciaga eta Bridgestone enpresetan gertatutakoak. Horiek agerian utzi dute «estrategia industrial sendo baten premia».

«Eztabaida ekonomikoari bere osotasunean heltzearren, marko bat sortzeko» premia planteatu du koalizio abertzaleak. Horretarako egin nahi du gai bakarreko osoko bilkura.