EDITORIALA

Doakotasunaren bidearen onuradun nagusia, euskara

Erronka demografikoan komunitate sentipena eta gizarte kohesioa lortzeko aukera ezin hobea da euskara». Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasororen hitzak dira. Atzo esan zituen Gasteizko Legebiltzarrean, HABEko zuzendari Jokin Azkuerekin batera “Atzerritik etorritako kolektibo zaurgarriei euskalduntzea eragozten dieten oztopoen diagnostikoa” txostenaren berri ematean. HABEk 2022an egin zuen ikerketa horren arabera, lanaren ondoriozko denbora falta, familia euskara eskolekin uztartzea eta dirua aurreratu behar izatea dira Euskal Herrian bizi diren pertsona migratzaileek euskara ikasteko dituzten oztoporik handienak; euskara ikasteko arrazoi nagusiak, berriz, seme-alabak laguntzea eta bizi diren herrietan integratzea dira.

Ez da erronka makala kanpotik etorritakoek, baita bertan sortutako askok ere, topatzen dituzten oztopo horiek saihestea; horregatik, Administrazioaren ahaleginak berebiziko garrantzia du. Alde horretatik, bi neurri nabarmendu zituen Aldasorok, A1 mailan ezarritako doakotasuna sustatzea eta AISA atzerritik etorritakoei euskarara hurbiltzeko harrera ikastaroak. Joan den ikasturtean 3.400 migratzaile inguru joan ziren euskara eskoletara helduen euskalduntze sisteman, horietatik 686 AISA ikastaroetan. Ikasturte honetan, A1 ikastaroen doakotasuna abiatu denean, ikasle kopuruak %10 gora egin du. Doakotasunaren eskaera ez da berria eta datu horiek ez dira harritzekoak, baina bide egokia dela erakusten dute eta, beraz, doakotasuna zabaldu beharra dagoela, baita beste zenbait arazori dagokienez ere hartu beharreko neurriak ezartzen joatea ere; ikerketen ondorioen araberako konponbideak, hain zuzen. Ahal dela, berandu baino lehen.

«Euskararen ezagutza ahalik gehien hedatzea da gure lehentasuna», esan zuen atzo sailburuak. Pozteko modukoa da hala izatea, edozein administraziok bere lurraldeko hizkuntza lehentasuntzat izatea gauza normal samarra den arren, eta adostasun handia bilduko du beste honek ere: «Euskarak belaunaldi guztientzat erakargarria izan behar du, bakoitzak bere neurrian konpromisoak hartuz, eta guk, administrazioak, horretarako baliabideak jarriz». Hala izan dadila.