Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Irismen luzeko armen jomuga!

Arraroa bada ere, asteon apenas topatu dudan aparteko berririk hedabideetan; aspergarria, oso. Kosta egin zait harrian zorrozteko moduko albiste kamutsik aurkitzea, atzamarka ibilita ere. Kosta baina zeozer hartu bai. Horra lehengoan gertatua, Alemanian oker ez banago. Kolpea gero! Suziri bat aireratu nahi izan zuten, garapen teknologikoa aitzakia, eta bai, lurra behintzat utzi zuen trasteak, 30 segundoan-edo utzi ere, baina itxuraz airean nekatu eta segituan bueltatu zen lurrera; hori bai, teknologoek espero ez zuten moduan, hamaika zati eginda, zati guztiak barreiatuta baina denak osorik. Bada, jaurtiketa sustatu zuen enpresa pozarren zegoen saiakerarekin, arrakasta izan zela! Arrakasta zer zen eta zer den hankaz gorako gaurko mundu aztoratuotan!

Eta burtsak? Zer esan aste honetako burtsen indize demontre horietaz, e? Zer? Burtsak tentsionatuta daude han-hor, hemen kostako herri asko dauden legez. Burtsalari gizajoak, hain izan behar da asaldagarria pantailetako zifren dantza etengabe hori; hortaz, gutxiago mugitzen da epizentro ondoko sismografoaren orratza intentsitate handiko lurrikara betean! Tira, anatomia politikoak duen erreferente berrira! Etxe Zuriko pertsona moduko zer horren bizkarraren beheko amaiera gunea ustez mundu guztietatik musukatzen ari dira. Bai, haren ipurdiaz nago. Kawen! Irismen luzeko era askotako armen tiro-zehaztasuna probatzeko jomuga hartuko balute sikiera! Gaitz erdi!

Eskerrak izan badirela bestelako albisteak, gertukoak gainera. Horra oraindik isolatuta dagoen Karrantza horretan izandakoa! Nor eta behi bat, izenduna seguruenik, zer eta landan jausitako kableak adarrez motroiloan korapilatu… eta haraneko zerbitzuak eten, Interneteko kableak zirelako. Behi horrena bai musukatuko nukeela nik! Zin dagit!