Ikerbasquek 47 milioi euro eta 45 ikertzaile erakarri zituen 2024an
Ikerbasquek 47 milioi euro baino gehiago erakarri zituen EAEra 2024an, bere ikertzaile taldeari esker. Gainera, taldea handitu egin zen, 45 ikertzaile berrirekin. Guztira, erakundeak 402 profesional ditu, 35 herrialdetakoak. Mugarri berria ezarri dute 2024ko datuek.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2024an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 47 milioi eurokoa izan zen, 2023an baino 2 miloi euro gehiago; eta kanpoko finantzaketaz landutako 1.321 proiektuetatik 30ek European Research Council (ERC) Europako Ikerketa Kontseiluaren finantzaketa izan zuten.
«Hau da Europako erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa proiektuen sustapenari dagokionez, eta iaz 1.643 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan», nabarmendu zuten, 2024ko emaitzak aurkezteko, atzo Bilbon egindako agerraldian.
Aditzera emandako datuen arabera, iaz Ikerbasquek 45 ikertzaile erakarri zituen bederatzi herrialde desberdinetatik. Urtearen amaieran 402 ikertzaile zituen, ibilbide zientifikoa garatzeko hiru kategoriatan banatuta: 201 ikertzaile kontsolidatu, esperientzia handikoak eta «lidergo gaitasuna dutenak»; 112 ikertzaile gazte, goi mailako zientzialari taldea osatzea helburu dutenak; eta 89 Research Associate, ikertzailearen ibilbidearen etapa desberdinak osatzen laguntzen duen figura ertaina.
Erakundearen esanetan, «egituraketa honek bikaintasun zientifikoa sendotzeaz gain, ekoizpen zientifikoa ere bultzatu zuen: 1.553 artikulu argitaratu ziren nazioarteko eragin handiko indexatutako aldizkarietan». Era berean, ikertzaileek 41 spin-off sortzen lagundu dute, «izan ere, enpresa ekimen hauen jarduerak prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena du oinarri, ikerketetan lortutako ezagutzatik eta emaitzetatik abiatuta».
EAEko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen ikertzaileak 35 herrialdetakoak dira. Horien artean, gizonak dira nagusi, %68, emakumezkoen %32ren aldean. Jakintza arloei erreparatuta, %44 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, %26 medikuntza zientzietakoak, %16 ingeniaritza arlokoak eta %14 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasquek nabarmendu du ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak direla, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea, besteak beste.
Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 130 ikertzaile EHUn lan egiten ari dira. Gainerako 272k Deustuko eta Mondragon unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute. Lakuako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa zentroak eta IKZ Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) tartean dira.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
