Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Rock & rolla

Irribarre egin dut txartel lotsagabea ikusi dudanean. Afixak honela dio: Esne Beltza, ETS, Bulego, Zetak eta antzeko taldeak gustuko dituzu? Ba... izorra zaitez, rock&rolla bueltan da Hernanin eta, ondoren, kontzertu baterako hitzordua proposatzen dizute. Eta imajinatu dut motozale kuadrilla handi bat, bere Harleyak, txima luzeak eta bizarrak taberna aurrean paratuta. Jende malapartatu eta begirada maltzurrekoa. Haien kanperak, kateak eta txaleko bakeroak ikus ditzakezu, haien praka estu eta barre harroak. Eta taberna barrutik datorren gitarra elektrikoen distortsioa, badaezpada ere, pareko espaloitik doan jendearen kontzientzia burgesa zirikatzen. Eta kale kantoian polizia auto kamuflatu bat zelatan, gaizkile horiek ez dezaten gehiegi aldrebestu gure herri lasaiaren giroa. Rock&rolla bueltan da! Irribarre egin dut, afixak birgogoratu didalako probokatzea izan behar duela rockaren lehenengo misioa, eta probokazio horri, irudimen eta umorea gehitzen bazaio eta, gainera, kritika sozialez ongi bustitzen bada... fenomeno! Baina, ez dakit kontzertura joango naizen, zalantzak ditut txartelak hitzematen duen freskotasun dibertigarriaren promesa beteko den. Eskarmentua, badakizue. Ziurrenik, kostata baino, nire buruari aitortu beharko diot pixka bat gustatzen zaidala Zetak taldearen musika.