GARA DONOSTIA

Bertsolaritzari buruzko ikerlan eta proiektuak sustatzeko deialdia, irekita

Mintzola Fundazioak eta Mikel Laboa Katedrak deialdi bat ireki dute bertsolaritzari buruzko ikerketa lanen eta master amaierako lanen proiektuak sustatzeko helburuarekin. Horren baitan, 2.000 euroko hiru sari banatuko dituzte.

Xabier Etxaniz EHUko Euskararen Arloko errektoreorde eta Mintzola Fundazioko patronatukideak, Beñat Gaztelumendi Mintzola Fundazioko patronatukide eta Ikerkuntza arduradunak eta Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedraren zuzendariak aurkeztu zuten deialdia, atzo, Donostian. Bertan azaldu zutenez, bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea dute xede Mintzola Fundazioak eta Mikel Laboa Katedrak, Gipuzkoako Aldundiaren eta EHUren arteko lankidetza giroaren testuinguruan.

Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktore tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta, hain zuzen, bide horretan laguntzea eta, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, bertsolaritza ikergai gisa sustatzea da deialdiaren helburua.

«Lehenengo urratsen garrantziaz oharturik, hain justu ikerlan proiektuen kalitatea ebaluatu eta sarituko da deialdi honetan, sinesten dugulako unibertsitate irakasle batek bermaturiko proiektuak kalitate ona duenean ikertzaile hasiberriaren oinarriak sendoak izango direla», adierazi zuten.

Master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerlan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatu asmoz, horien ikergai nagusia bertsolaritza bada, nahi den jakintza alorretik ikertua. Nolanahi ere, unibertsitateko irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Eskariak aurkezteko epea azaroaren 17ra arte egongo da zabalik, eta hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda azaroaren 28an argitaratuko da. Azkenik, ikerketa lanak amaitzeko epea 2015eko urriaren lehena izango da.